Juan Carlos Garcia Goenaren kontrako atentatuaren inguruko dokumental bat estreinatuko du gaur ETB2 kateak, 22:35ean: Garcia Goena, caso abierto. Hilketa hura gertatu zenetik 30 urte pasatu dira, eta egileak nortzuk izan ziren argitzen saiatuko dira lanean. Horretarako, Arantza Ruiz kazetariak honako lagun hauek elkarrizketatuko ditu: Laura Martin Garcia Goenaren alarguna, Jose Amedo Espainiako Poliziaren komisario ohia Bilbon, Rafael Vera Espainiako Segurtasun idazkari ohia, Emilio Rodriguez Menendez abokatua, Ricardo Arques, Melchor Miralles eta Bruno Fay kazetariak, Juan Mari Gabirondo ETAko errefuxiatu ohia eta Joseba Azkarraga politikaria.
GALek, ustez, 1986ko otsailean eten zituen bere ekintzak. Baina Garcia Goena 1987ko uztailaren 24an hil zuten, eta hurrengo egunean GALek bere gain hartu zuen atentatua. Dokumentalaren helburua nagusia hilketaren atzean zein dagoen argitzea izango da. 1987tik irekita dauden hipotesiak aztertuko dituzte —ETBren arabera, «oso ilunak» eta Espainiako estatuaren «estoldekin» lotura dutenak—. Era berean, Garcia Goena nor izan zen ezagutaraziko dute, zergatik egin zuen ihes Lapurdira, eta nolakoa zen bere bizitza errefuxiatu gisa. Haren senideekin hitz egingo dute.
'Garcia Goena, caso abierto' dokumentala emango du gaur ETB2 kateak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu