Gaur itzuliko da 'Musika zuzenean' Hamaikara

Bortzgarren denboraldia du aurtengoa musika oinarri duen saioak. Donostiako Dokan jaia antolatu dute biharko 150 programak ospatzeko

Iruñeko Tatxers musika taldea beren entsegu lokalean, programaren grabazioan. HAMAIKA TELEBISTA.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko irailaren 16a
00:00
Entzun
Musika du ardatz Hamaika Telebista kateko Musika zuzenean saioak, eta bortzgarren denboraldian ere asmo berarekin jarraituko du:euskal musikaren eszena ezagutaraztea. Gaur hasita ortzegunero emango dute Hamaika Telebistan, 20:15 eta 22:00etan, eta hamaika.eus helbidean ere ikusgai egonen da. Denboraldi hasiera berezia da aurtengoa, gainera; izan ere, 150. saioa du gaurkoa Musika zuzenean-ek, eta besta berezi batekin ospatuko dute Donostiako Doka kafe antzokian bihar. Zuzeneko musika aldarrikatuko dute bertan, eta Ginger eta Rodeo taldeen kontzertuak izanen dituzte urtemuga ospatzeko.

Aitzineko denboraldietan bezala Musika Zuzenean kolektiboko Koldo Otamendi Euskal Herriko alde guztietako taldeen entsegu lokaletan sartuko da, eta bertatik bertara ezagutuko ditu musikarien amets, gogo, ezinegon eta partiturak. Lehen atalean Iruñeko Tatxers musika taldearen berri emango du saioak, eta datozen ataletan, bertzeak bertze, Hegazkin, Rotten XIII eta Xiberoots taldeen entseguetan murgilduko da Otamendi. Gainera, bortzgarren denboraldian itxura eraberritua izango du saioak. Estetika berria izango du programak, eta, hori aldatzeaz gain, saioko kantuaren bertsio «modernoagoa» egin du Gipuzkoako Rukula taldeak.

150. saioa du gaurkoa Musika zuzenean programak, eta Otamendi aurkezlea pozik da orain arte egindako bidearekin. «Bost urte hauetan 200 elkarrizketatik gora egin ditugu, eta egunerokoan irrati edo telebistanateratzen ez den eszena erakutsi dugu», nabarmendu du. 150 saio egin ondotik, helburu bera du saioak Otamendiren hitzetan: «Euskal Herriko musika talde berriak ezagutaraztea».

Euskal Herriko zazpi probintzietan murgildu da saioa orain arte, eta hemendik aitzinera ereeuskal musika eszenaren aniztasun hori erakusteko asmo sendoa du Otamendik. Musika taldeek egindako harrera ona nabarmendu du aurkezleak:«Programan ateratzea proposatzen diegunean, asko pozten dira, erakusleiho ona delako, eta asko eskertzen dute musika izatea hizketagai bakarra. Musika saioa da, eta elkarrizketa musikala da erabat».

Biharko Donostian antolatutako ospakizunarekin, musikaren eta areto txikien aldarria egingo du Musika zuzenean kolektiboak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.