Gauza arrarorik arruntenak

'Stranger Things' telesailak arrakasta izan du udan Netflix kanalean. 1980ko urteak bikain islatzeagatik goraipatu dute. Baina denek ez dute garai hura berdin gogoratzen, antza.

Gurasoak orduko osagaien bidez eta gazteak haur pertsonaien bidez harrapatu ditu Stranger Things telesailak. BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2016ko irailaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Udako telebistako fenomenoa izan da Stranger Things telesaila AEBetan, eta, Interneteko trukearen bitartez, baita harago ere. Produktu perfektua ondu du Netflix kateak, 1980ko nostalgiaren bitartez gurasoak harrapatu dituelako, baina baita haien seme-alabak ere.

Istorioa 1983. urtean abiatu da: fikzioko Hawkins herrixkan (Indiana, AEB), 12 urteko gaztetxo bat galduko da. Une beran, telekinesia duen neskato bat agertuko da; hau da, gogoarekin gauzak mugitzeko ahalmena duena. Galdutako mutikoaren ama —Wynona Rider aktoreak bikain antzeztuta— erotzeko bidean ibiliko da geroztik, haren bila, eta harekin komunikatuko da etxeko gailu elektrikoen bitartez. Bistan denez, omenaldiz beteriko ariketa da: haurrak bizikletaz, E. T. (Steven Spielberg 1982) eta The Goonies (Richard Donner, 1985) filmetan bezala; munstro likatsuak, Alien (Ridley Scott, 1979) eta The Thing (John Carpenter, 1982) estilokoak; gaztetxoak teknologia inprobisatzen, Explorers-en (Joe Dante, 1985) bezala —egunotan Donostian dagoen Ethan Hawkek egin zuen lehen filma, 15 urterekin—. Stephen Kingen nobelak begi bistako erreferentzia dira, eta idazleak berak hala hartu du: «Stranger Things ikustea, Steve King's Greatest Hits ikustea da. Eta zentzu onean esan nahi dut», idatzi zuen Twitterren.

Matt eta Ross Duffer anaien lehen telesaila da Stranger Things. Bikiak dira, eta 1984. urtean jaio ziren; beraz, gazteegiak dira hamarkada hartako nerabeen mundua horren ongi ezagutzeko.

Baina zergatik dago modan 1980ko hamarkada ikus-entzunezkoen munduan eta, batez ere, publizitatean? Azken urteotan, 1960ko hamarkada eta, gero, 1970ekoa egon dira boladan. Ez da estetika zikloen inguruko hausnarketetan galdu behar ulertzeko: 1980ko hamarkada modan dago orain, orduko haurrek 40 urtetik gora dituztelako egun, eta kontsumitzailerik handienak direlako. Haurrak dituzte, familiarentzako produktuak erosten dituzte; besteak beste, telebista. Haurtzaroko nostalgia beita gisa darabilte amuan, eta Stranger Things-ek karanbola jo du: gurasoek eta gazteek irentsi dute.

Aktoreen lanak eginkizun handia izan du horretan. Izan ere, beldurrezko zientzia fikzio osagaiez gain, krisi beltzean dauden pertsona arrunten erretratu sinesgarria egitea lortu dute.

Ez da denen 1980

AEBetako telebistako produktu betea da Stranger Things, han eginda eta harako pentsatua. Nola ikusi da Euskal Herritik?

Marijo Deogracias ikusleari asko gustatu zaio telesaila, nahiz eta beldurrezko zientzia-fikziozalea ez izan. Esan du saioak samurtasun handia duela. «Umeek inozentzia eta epaituko ez den ausardia daukate, eta horrek erakarri egiten nau», esan du. Pertsonaiak asko gustatu zaizkio Deograciasi; bereziki, neskato telekinetikoa: «Sekulako indarra dauka, kristoren erakarmena».

Baina arazo bat du Deograciasek telesailarekin: «Oso mutikoena da». Esan du ezagunak dituela agertzen dituen garaiko erreferentziak, baina orduko mutilenak direla. «Hortaz, iruditzen zait publiko maskulinoari errazago gustatuko zaiola». Telesailak izan zitzakeen nesken erreferentzien adibideak eman ditu: eskolako karpeta modako abeslariekin apainduta, Limal abeslariaren Neverending Story, Irene Cararen Flash Dance —1983ko filmekoa—, Madonna Desperately Seeking Susan filmean (Susan Seidelman, 1985)...

Edorta Amurua ikusleak, berriz, ez du bere nerabezaroa islaturik ikusi Stranger Things telesailean. 1968an jaio zen, eta, harentzat, 1980ko hamarkada oso beltza izan zen: «Mundua Gerra Hotzean murgildua zegoen, eta egoera geroz eta ilunagoa zen. Edozein unetan, dena pikutara joan zitekeen». Haren garaiko erreferenteak ez dira E.T. edo Goonies, baizik eta War Games (John Badham, 1983) eta The Day after (Nicholas Meyer, 1983).

Amuruarentzat askoz hobeto islatzen du hamarkada Alemaniako Deutschland 83 telesailak (Edward Berger eta Samira Radsi, 2015). «Horretan, benetako gertaerek sortzen dute beldurra, eta ez naturaz gaindiko fenomeno ulertezinek».

Stranger Things-ek bigarren sasoia izango du datorren urtean. Arrakasta ikusita, beste bederatzi atal egiteko agindu du Netflixek—lehen sasoiak baino bat gehiago—. Litekeena da formula arra kastatsuari eustea: gauza arraroenak eta arruntenak nahastea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.