«Internet bidezko euskarazko kate digitala izango da Gazte Telebista, maiztasun iraunkorrarekin zabalduko diren saio autonomoz osatutakoa». Maria Gorriaren hitzak dira, Gazte Telebista sortzeko lanean ari den taldeko kideetako batenak. Euskal Herriko hainbat gazte ari dira proiektuan lanean. Iazko abenduan Euskal Herriko gazte mugimenduek Barañainen (Nafarroa) egindako Gazteraiki topaketetan, proiektuaren ideia garatu zuten, eta, joan den asteburuan, Altsasun (Nafarroa), proiektua gehiago zehaztu zuten. «2016an, komunikazioan interesatutako hainbat gazteren eskutik joan da garatuz ideia. Euskal Herriko txoko ezberdinetakoak gara», azaldu du Gorriak.
Hainbat saiotarako ideiak mahai gainean dituzte dagoeneko. «Iragarri dezakeguna da eskaintza aniztasun handikoa izango dela, entretenigarria bezain sakona», nabarmendu du Gorriak. «Proiektua, bestalde, independentea izango da. Horrek ez du kentzen Euskal Herriko hainbat komunikabiderekin izan dezakegun elkarlana».
Proiektuaren sustatzaileek ohartarazi dute gazte asko beharko dituztela telebista aurrera eramateko: gidoigileak, kamerariak, aktoreak eta abar. Horregatik, haiekin harremanetan jartzeko deialdia egin dute, eta interesatua dagoen edonork helbide elektroniko honetara idazteko eskatu dute: [email protected]. «Bestalde, saioak grabatzeko materiala eta edozein bitarteko material eskertuko dugu, proiektua aurrera ateratzeko laguntza beharko baitugu», azaldu du Gorriak.
Gazteriaren ikuspuntua
Gazte Telebistaren proiektua testuinguru jakin batean sortu dela adierazi du Gorriak: «Iruditzen zaigu zabalpen handiko komunikabideetan hutsaren hurrengoa dela sistema zalantzan jartzen duen gazteriaren ikuspuntua». Euskal Herriko komunikazioaren eremuan, hainbat kritika plazaratu ditu Gazte Telebistaren ordezkariak: «Prentsa eskaintza botere politikoek eta ekonomikoek kontrolatzen eta baldintzatzen dute. Adibidetzat jo daiteke Eusko Jaurlaritzak lekuz kanpoko laguntza ematen diola El Correo egunkariari Interneteko euskarazko edukien harira, eta BERRIAri, aldiz, laguntza jaisten diola; edota EAJk modu panfletista batean erabiltzen duela EITB, nahiz eta interes publikorako katea izan beharko lukeen». Gorriak nabarmendu du gizartearen gehiengoak orduak eta orduak pasatzen dituela pantailen aurrean. «Horrek, ordea, desinformazioaren ozeanoan itotzen du askotan hartzailea». Ozeano konplexu horretan, «airea hartzera eramango duen bidea» eskaini nahi dute Gazte Telebistaren bitartez.
Gazte Telebista sortzeko bidean dira, euskarazkoa eta Internet bidezkoa
Asteburuan batzarra egin dute Altsasun, eta «aniztasun handiko» eskaintza iragarri dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu