Podcastak

Gazteei iritsi ez zaiena emateko

'Eztena' saioa estreinatu du Naiz irratiak hil honetan. Gradu amaierako lan batean oinarrituta egin dute saioa, eta Sara Iriarte, Garaia Pagola eta Danel Teran dira sortzaileak.

Garaia Pagola, Danel Teran eta Sara Iriarte. EZTENA.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Gradu amaierako lan bat zena irratsaio bilakatu dute Sara Iriartek, Garaia Pagolak eta Danel Teranek. Naiz irratiak Eztena podcasta estreinatuko du hil honetan. Azken mende erdian Euskal Herrian izandako zentsura eta debekuen sei kasu landu dituzte bertan: Lizarra-Garazitik hasi, eta gaur arteko zentsura kasuak, alegia. Iriarte da saioaren aurkezlea, eta asteartero ematen dute saioa irratian (19:00). Podcast plataformetan ere entzun daiteke, eta elkarrizketen bideoak irratia.naiz.eus daude ikusgai. Hilaren 12an eman zuten lehen saioa, eta lehen hirurak entzungai daude jada.

Kontxita Beitia lehen ikastolen sustatzaileetakoa, Joxe Mari Iriondo kazetaria, Anje Duhalde musikaria, Teresa Toda Egin egunkariko langile ohia, Iñaki Uria Euskaldunon Egunkaria-ren sortzaileetako bat eta Joxe Mari Agirretxe Porrotx dira sei gonbidatuak. Bakoitzak bere garaian bizitako debeku eta zentsura kasuak dakartza gogora mahai baten inguruan egindako solasaldi lasaian.

«Transmisio falta bati» erantzuteko asmoz egindako GRAL gradu amaierako lan batetik sortu dute saioa. Iriartek, Pagolak eta Teranek Mondragon Unibertsitatean jorratu dute gaia, eta Euskal kulturak 1998tik 2023ra izandako isilpeko zapalkuntzaren transmisioaren etenaren isla gazteengan da GRALaren izenburua.

Iriarte bera da saioaren aurkezlea, eta, «ordu askoko lana» egin dutela aitortu badu ere, emaitzarekin oso pozik dago. Hasieratik erakutsi zuen hirukoteak euskal kulturaren gaineko GRAL bat egiteko asmoa. Iriartek dio oso ingurune eroso batetik datozela hirurak, euskaraz bizi baitira etxean eta lagun artean, baina unibertsitate garaia iritsi zitzaienean ikusi zuten errealitatea bestelakoa zela: «Euskal Herria ez da gure burbuila eroso hori. Horren inguruan asko hausnartu dugu, eta hirurok lotura estua daukagu kulturarekin. Hortik dator gaiaren inguruko interesa». Hari horretatik tiraka «zentsura» etorri zitzaien burura, eta horrela aukeratu zuten euskal kulturaren zapalkuntza gaitzat. «Gure hipotesia zen euskal kulturaren transmisioa ez dela egin, eta dokumentazio lana egiten ari ginela konturatu ginen arrazoi genuela. Euskal kultura ez transmititzea bera bada zapalkuntza bat. Eta hori ere ez da transmititu».

Zapalkuntza horrek gazteengan izan duen isla aztertuta, gazteentzako produktu erreal bat sortu nahi izan zuten transmisio hori egiteko. «Gazteengandik eta gazteentzat». Ordurako, Naiz irratian lanean ari zen Iriarte, eta proposamen hori aurkeztu zuen bertan. «Hasieratik erakutsi ziguten prestutasuna lan hori bertan egiteko, eta berehala jarri ginen lanean».

Zailtasunak bidean

Gonbidatu bat da saio bakoitzeko protagonista. Pertsona horiek aukeratzekoan, baina, arazoak izan zituztela nabarmendu du Iriartek. «Horrek gure hipotesia baieztatzen zuen». Zapalkuntza hori jasan dutenengana jo nahi izan zuten, eta gehienek bizipenak kontatzeko «beldurra» zeukatela aipatu du saioaren gidariak. Hala ere, aurrera atera zen saioa, eta guztira sei atal izango dituen saioa sortu dute hasierako proposamen hartatik. Gustura dago Iriarte amaierako produktuarekin, eta azpimarratu du haien hipotesiak bete direla: «Saio batzuetan kontatzen dituzten zapalkuntza batzuk ezagunagoak dira besteak baino. Guk interesa daukagu halako gaietan, baina saioko gonbidatu batzuen berri ere ez geneukan. Hori bada transmisio horren faltaren adierazle».

Irailaren 12an estreinatu zen saioa Naiz irratian, eta orain arte hiru saio eman dituzte, asteartero: Beitiaren, Iriondoren eta Duhalderen elkarrizketa saioak, alegia. Hortaz, beste hiru saio soilik geratzen dira. Proiektua egin zutenean sei ataleko saio batean pentsatu zuten. Orain, lan horrekin asko disfrutatu dutela dio Iriartek, baina oso zail ikusten du atal gehiago egitea, «atzean dagoen lanarengatik», batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.