Komunikazioa. Julen Iriondo. Goiena telebistako aurkezlea

«Geuregandik has daiteke gauzak beste era batera egiteko aldaketa»

Asteazkenero 22:30ean ematen du Goiena telebistak 'Ekogune' saioa. Julen Iriondok iraunkortasunari lotutako gaiak lantzen ditu.

GOIENA.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
2001. urtetik ari da lanean Goiena telebistan Julen Iriondo (Oñati, Gipuzkoa, 1979). Aurreneko urteetan, Harmailatik kirol saioa gidatu zuen. Ondotik, ia denetarik egitea egokitu zaio.

Nola sortu zen Ekogune saioa egiteko proiektua?

Ekoguneak gogoa zuen berak jorratzen dituen iraunkortasunarekin lotutako gaiak gizarteratzeko telebista saio bat egiteko, eta elkarlanean hastea erabaki genuen. Guk telebista egiten badakigu, eta eurek azaldu digute zer mezu eta nola nahi duten guk ematea.

Zeintzuk dira programaren helburu nagusiak?

Saiatzen ari gara jendeari ikusarazten geuregandik has daitekeela gauzak beste era batera egiteko aldaketa; geuk egin dezakegula geurea denon etorkizun hobe baterako. Sarri, ohitura aldaketa txikiak dira; hortik has gaitezke. Jorratzen ditugun gaien artean daude energia, kontsumo ohiturak, hizkuntza ekologia, landa garapena, paisaia eta natura... beti iraunkortasuna ardatz hartuta.

Zer ikuspegitik lantzen dituzue gaiak?

Herritarraren ikuspegitik. Entitate batek egitasmo interesgarri bat jarri badu martxan, nahiago dugu kalera irten eta herritarrak nola darabilen ikusi, zer onura eta zer gabezia ikusten dizkion... Nahiago dugu hori, sustatzailearen bulegora joan eta egitasmoaren izaeraz, helburuez eta abarrez galdetu baino. Beste herritar batzuen ispilu izan daitezkeen herritarrak eta jardunak erakutsi, horrelakoetan parte hartuko dutenak gero eta gehiago izan daitezen lortzeko.

Iban Arantzabalek aurkezpenean esan zuen kezkak ikusleekin partekatu nahi dituzuela. Nola egiten da hori?

Ez da gure intentzioa lezioak ematea, inori zer egin behar duen esatea, goitik beherako mezu bat ematea. Saiatzen gara bat gehiagoren larruan jartzen, zenbait egitasmo interesgarri erakusten, eta, gero, bakoitzak atera ditzala bere ondorioak. Eta hori era entretenigarrian egiten saiatzen gara. Erreportajeei buruz ari naiz batez ere, baina saioak beste atal batzuk ditu: elkarrizketa, plan proposamen bat, inkesta...

Naturarekin lotutako gaiak ez al dira bazter batean joaten normalean kate handien albistegietan?

Bai, inpaktu handiko zerbait gertatzen ez denean bai, behintzat. Hori pasata, laster ahazten gara. Huheziko irakasle baten arabera, ekonomia alorrean bat-batean krisiak eztanda egin zuen moduan antzera gerta dakiguke ingurumenarekin ere. Hobe genuke neurriak hartzen joan egoera are larriago eta itzulera zailagokoa bihurtu aurretik. Bakoitzak egin dezagun geurea.

Gai batzuekin interes politikoak egoten dira tarteko. Ez al dira herritarrak azkenean kalte gehien jasaten dutenak?

Herritarrak, bizileku duguna eta bizilagun ditugunak. Lehentasunen eskalan, aldaketa batzuk egin behar genituzke. Oso sinpleki esanda, baina munduko ekonomiaren hazkundeak ezer gutxitarako balioko digu, adibidez, mundurik ez badugu. Bai, eta mundukoa esatea asko esatea da noski; orain, gure hazkundeaz arduratzen gara, beste batzuen bizkar izan arren: eta, martxa honetan, gero eta gutxiago ondo, eta gero eta gehiago baldintza txarretan. Norabidea markatzen digutenekin irizpide kritikoagoz jokatu behar genuke.

Atez atekoaren gaia landu al duzue? Nola ikusten duzu horren inguruan Gipuzkoan dagoen eztabaida?

Denok izango gara ahalik eta gehien birziklatzearen aldeko, eta aukera desberdinak egon daitezke horretarako. Baina alderdi batzuen boto-emaile denek sistema baten aldeko behar dute antza, eta beste alderdietako jarraitzaileek, beste sistemaren aldeko. Ez dago erdibiderik, ez aukera desberdina egiteko askatasunik, ez gara ba kontrarioarekin lerrokatuko! Eztabaida sanoagoa behar genuke. Informazio garbia eta irizpide kritikoa. Eta lehentasuna garbi. Kasu honetan, ahalik eta gehien birziklatzea. Hondakinen gaia Itsasondoko kasuarekin landu genuen saioan. Erdibideko sistema dute han, oso erosoa. Emaitza onak ematen ditu, baina ateratako ondorioetako bat izan zen, beste sistema batzuetan bezala, herritarren zati handi batek ez dituela hondakinak bereizten.

Sare sozialetan ere zabaltzen duzue saioa. Zer harrera du sare horietan?

Ba esango nuke jendeak ikusten duela bide horietatik ere. Twitter eta Facebooken, neronen eta Kutxa Ekogunearen kontuetan iragartzen eta jartzen ditugu saioak. www.ekogunea.net-en ikus daitezke, eta inork proposamenik egin nahi balu, gustura hartuko genituzke [email protected] helbide elektronikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.