Gida bat ingurumenaz informatzeko

Elhuyarrek ingurumenaren komunikaziorako dekalogo bat sortu du. Komunikazio «arduratsu» eta «sozialki eraginkorra» du xede

Elhuyarren dekalogoaren hamalau puntuak. ELHUYAR.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
«Elhuyarrek gizarte aktiboa eta kritikoa eraikitzeko egiten du lan, eta zeregin horretarako, oinarrizkoa da ebidentzia zientifikoetan oinarritutako informazio xehea gizarteratzea». Abiapuntu hori du Elhuyarrek sortu duen ingurumenaren komunikazioaren dekalogoak.

Aitziber Agirre Elhuyarreko kultura zientifikoaren arloko koordinatzaileak azaldu du ingurumen larrialdia «oso konplexua» dela, «beste krisialdi batzuekin gurutzatzen delako». Gaiak «lanketa berezia» behar zuela ikusita, aditu askorekin aritu dira lanean auziaren konplexutasuna jasotzeko. Eta dekalogo forma eman diote, komunikazioetan erabiltzeko.

Elhuyarrek, lehenik eta behin, planteatu du «begirada osagarriak» integratu behar direla: «Larrialdiaren jatorriak eta eraginak askotarikoak direnez, ezinbestekoa da diziplinartekotasuna». Arazoen eta irtenbideen adibide lokalak izan arren, Elhuyarrek uste du ez dela galdu behar «eskala globalaren ikuspegia». «Dena den, galdera berdinek erantzun desberdinak dituzte, eskalaren arabera». Elhuyarren oharretako bat hauxe: «Ez izan katastrofista». Errealitate larrien berri ematen denean arreta «irtenbide posibleetan» jarri behar dela iradokitzen du dekalogoak. «Ingurumen larrialdiak aldaketak egitera behartuko du gizartea, baina eraldaketa sozialerako potentziala ere badu». Justiziaren dimentsioa eztabaidara ekartzea proposatzen du gidak. Halaber, «narratiba eurozentristatik» aldendu behar dela iradokitzen du. «Baztertu begirada hertsiak ere, hala nola androzentrismoa eta antropozentrismoa».

«Kalitatezko ingurumena»

Herritar guztiei eragiten die ingurumenaren gaiak. Horregatik, zera dio gidak: «Denok dugu zer egina, baina ez erantzukizun bera».Ez dute erantzukizun bera Ipar hemisferioko eta Hego hemisferioko herrialdeek, ezta agintariek eta herritarrek ere.

Elhuyarren arabera, irtenbidea «soziala» eta «politikoa» da, «ez soilik teknologikoa». Bestalde, naturaren balioak transmititu behar direla dio Elhuyarrek: «Bizitza erregulatzea, ongizatea, zaintza, erantzukizuna, oparotasuna, lurraldearen kustodia...».

Elhuyarrek uste du erabat lotuta daudela gizakien osasuna, animalien osasuna eta ingurumenaren osasuna. «Horregatik, kalitatezko bizimodua izateko, ezinbestekoa da kalitatezko ingurumena».

Gidak komunikatzaileei eskatzen die zalantzan jartzeko sistema ekonomikoan errotutako kontzeptuak: globalizazioa, etengabeko hazkunde ekonomikoa, jaiotze tasa handitu beharra... «Ongizatearen iruditeria berriak sortzen lagundu behar da».

Dekalogoak proposatzen du hitza ematea mugimendu sozialetatik datozen proposamenei, besteak beste, ekofeminismoari, gazte mugimenduei eta tokian tokiko ezagutza tradizionalari. Dekalogoak, halaber, zera iradokitzen du: «Ikuspegi kritikoa izateko baliabideak eman, eta negazionismoak hartzen dituen formak identifikatu».

Hizkuntzaren erabilera ere ez du ahaztu gidak. «Euskaraz komunikatu, jasangarritasuna sustatzeko». Izan ere, Elhuyarren arabera, tokian tokiko hizkuntza gutxituek arbasoek naturaren gainean zuten ezagutza globala biltzen dute. «Ondorioz, memoria ekologikoaren gordailu dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.