'Go!azen', telebistatik harago

Aretoetan emanaldiak eta eskoletan solasaldiak egiten ari dira. ETBn azaroaren 18an hasiko da

Go!azen telesaileko aktoreak Donostiako Kursaalean izan ziren atzo, neska-mutilen aurrean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2016ko urriaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Beste etapa batean murgildu da ETB1eko Go!azen telesaila. Udan grabatu zituzten beste hamar atal, eta azaroaren 18tik aurrera ikusi ahalko dira ETB1en —ostiralez, 21:00etan—. Telebistako estreinaldiaren aurretik, proiektua gizartean zabaltzen ari dira Pausoka ekoizpen etxeko kideak: emanaldiak egiten ari dira hainbat herri eta hiritako aretoetan, eta solasaldiak ikastetxeetan. Atzo, Donostiako Kursaalean eman zuten lehen atala. Han izan ziren aktore protagonistak, kantuan eta dantzan, eta, emanaldiaren ostean, autografoak sinatu zizkieten neska-mutilei.

Jabi Elortegi telesaileko zuzendariak azaldu duenez, Gasteizko FesTVal jaialdiko aurrestreinaldian, eta Bilboko joan den asteko emanaldian «oso harrera ona» izan zuten. «Telebistako emanaldia hasi aurretik produktua kaleratu nahi genuen. Jendea hasi dadila telesailaz berbetan», esan du zuzendariak. «Telebistan normalean ez da aukerarik izaten ikusleen feedback-a jasotzeko. Proiekzio hauei esker konturatzen zara zerk funtzionatzen duen gehiago. Oso gustura gelditu naiz orain arteko proiekzioetan. Emozioa dauden uneetan jaso dugu ikusleen emozio hori».

Ikastetxeetan, berriz, solasaldiak egiten ari dira egunotan —ostegunean Etxebarriko (Bizkaia) Kukullaga ikastetxe publikora joango dira—. Saio bakoitzera hiruzpalau aktore joaten dira. Irudi bilduma bat jartzen dute, eta, gero, aktoreek beren esperientzia kontatzen dute. «Konturatu gara neska-mutilek garai bateko Go!azen oroitzen dutela, eta orduko pertsonaiengatik galdetzen dute». Lehen etapako bi pertsonaia agertuko dira atal berrietan: Irati (Barbara Rivas) eta Desy (Inma Fernandez). Ramon Agirre aktoreak ere parte hartuko du, aurreneko etapan bezala.

Go!azen-en antzezlana ere estreinatuko dute abenduaren 22an. «Gidoia idazten ari gara une honetan», iragarri du Elortegik. «Eguberrien bueltan antzezlanaren hamabi emanaldi egingo ditugu, gutxienez. Neska-mutilek euren idoloak aurrez aurre izatea ederra izango da».

Pausokak telesaila gizarteratzeko asmoarekin aurkeztu zuen proiektua, eta erakundeek oniritzia eman zuten. Go!azen berriak harrobi lana ere egin du, hamar aktore 16-20 urte bitartekoak baitira. Haientzako gehienentzat lehen esperientzia izan da aktore gisa, baita lan alorrekoa ere. Grabaketak «gogorrak» izan direla esan du Elortegik, baina itxaropena du ekoizpenak harrera ona izatea. ETBra iritsi aurretik, herriz herri ikusiko dute erantzuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.