Datuen iruzurra.EAEko irratietan Radio Euskadi zela nagusia entzun behar izan genion Felix Linaresi autopromo batean, behin eta birritan orain egun batzuk, horrek euskal irratigintzan lurrikara sortu izan balu bezala; EGMko datuak oinarritzat hartu omen zituzten orduan. 50.000 entzuleko aldea eramaten diola bigarrenari dio orain EAEko Ser Kateak, CIESeko emaitzak eskuan. Ustezko audientzien kontura ederki sartzen digute ziria, eta merezia daukagu, horiei arreta jartzeagatik.
Kirola euskaraz. Onda Vascarekin euskara hutsez jarraitu ahal izan genuen euskal selekzioaren partida. Albiste berritzailea, pozgarria da hala gertatu izana euskal irratigintzan. Iban Oiartzabal eta Beñat Garcia esatarien esku geratu zen lana; Imanol Arrutik heldu zion partida amaitu ondorengo kronikari, eta egia esanda, ezin txukunago gainditu zuten froga hirurek, eguneroko zeregina balitz bezala. Irratiko zuzendaritzak kontuan har dezan etxean baduela giza potentziala kirol emankizunak euskaraz normalki eskaintzeko. Borondatea behar horretarako, baina.
Kirola eta euskara. Deigarria da, ez harritzekoa, irrati horretan islatu dena kirol sailean: euskal selekzioarekiko atxikimendua euskararen jakintzarekin doala lotuta. Alde izugarria dago, dagoenez, goian aipatu kazetari horiek euskal selekzioen kontuari eskaini dioten interesa, eta Iñaki Mujika eta Juanjo Lusak harekiko historikoki erakutsi izan duten indiferentzia.
Julia Otero. Kazetaritzarik aurrerazaleena eta ezberdinena eskaintzen digu Espainiako irratigintzan Oterok (Julia en la onda, 16:00-19:00). Javier Sadaba, Lucia Etxeberria, Julian Casanova, Anton Reixa eta beste zenbaitekin osatzen du El Gabinete tertulia. Horien aurretik, baina, ika-mika polita eratu ohi du Pilar Rahola eta Arcadi Espadarekin, El Contraste tartean (16:05-16:30). Bere jarrera probokatzailea antzezpen hutsa izan ala ez, Espada nazkante samar agertzen da ahoa ireki aldiro; nagusitasun intelektuala agertu nahi izaten du edonorekiko —estatuko pentsalarien elitean hainbati sumatzen zaien harropuzkeria horixe, alegia— eta erreakzioz, Raholak eta Oterok berak bat ere ez diote barkatu nahi izaten; gizona larrutzera joaten dira, begirune handirik gabe. Une gozoak bizi arazten dizkigute dialektikoki, egiaz.
Uhinetatik tiraka. Xabier Lasa
Gogor harropuzkeriari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu