Komunikazioa

'Goiena.net' webgunea sakelakoetara egokitu eta aplikazio berezia egin dute

Aplikazioa euskara hutsean sortu dute, «euskarri berrietan ere herritarrak euskaraz jardutea bermatzeko»

Debagoieneko hedabideak Appleren iOs edo Googleren Android sistema eragilea duten telefonoetarako aplikazio bat sortu du. GOIENA.NET.
Donostia
2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Munduan, Interneten erabiltzaileen ia erdiak sakelako telefonoen bidez sartzen dira sarean, eta aurreikuspenek diote zifra horrek gora egingo duela etengabean. Goiena komunikazio taldea ohartua da nolako garrantzia duen Interneteko edukiak eskuko telefonotarako egokitzeak, eta aurrerapausoa eman du: Goiena.net ataria sakelako telefono inteligenteetara egokitu du. Hala, sakelakoaren nabigatzailea erabiliz webgunera sartzean, ataria telefonoaren ezaugarrietara egokitzen da.

Gainera, erabiltzaileek kontsumitzen dituzten euskarrietan egotea bermatzeko, aplikazio berezi bat sortu du. Hilaren hasieratik, erabiltzaileek zuzenean eskuragarri dituzte euren sakelakoetan webguneko eduki guztiak. Usoa Agirre Goienako Interneteko arduradunak azaldu duenez, «webguneko ohiko atalak ditu aplikazioak: albisteak, herrika eta gaika antolatuta; zerbitzuen atala, parte hartze atala, iritzien atala eta agenda».

Goienak Batura Mobile Solutions etxearekin elkarlanean egin du aplikazioa, eta erabilgarria da bai Apple markako iOS sistema eragilea duten gailuentzat, bai Google etxearen Android dutenentzat. Aplikazioa doan eskura daiteke, Appleren eta Googleren dendetan eta Goiena.net webgunean.

Komunikabideak garrantzia eman dio agenda atalari, ahalik eta praktikoena izan dadin. Agirrek honela azaldu du: «Debagoieneko herri bakoitzean zer dagoen telefonotik bertatik eta edozein momentutan kontsultatu ahal izango da, bilaketa batekin, erraz-erraz».

Sakelako telefono inteligenteek izaten duten geolokalizazio sistema erabiliz gero, ez dago bilaketa egin beharrik ere. «Webgunean herrien atalera sartzen garenean, aplikazioak galdetuko digu geolokalizatzeko sistema erabili nahi dugun. Baiezkoa emanez gero, Bergaran bagaude, adibidez, Bergarako albisteak erakutsiko dizkigu», azaldu du Agirrek. Interneteko arduradunaren esanetan, erabiltzaileek ez dute inolako zailtasunik izango aplikazioa erabiltzen ikasteko.

Goiena telebista eta Arrasate Irratia zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera ere ematen du aplikazioak.

Euskarak egon behar du

Goienaren erronka da «beti euskaraz jardutea, ez bakarrik egunerokoan, teknologia berrietan ere bai. Hortaz, aplikazio hori sortzea, euskaraz, garrantzitsua da», dio Agirrek. Izan ere, gizartearen eraldaketa teknologikoaren barnean, euskarazko informazio eta komunikazio zerbitzuentzat ezinbestekoa da euskarri berrietara egokitzea. Datuen arabera, saltzen diren telefono guztien erdiak, dagoeneko, smarthphone-ak dira. Horrek esan nahi du herritarrek gero eta gehiago erabiltzen dituztela eta bertan dauden edukiak gehiago zabalduko direla. «Irakurtzeko esperientzia berrien bila dabil jendea, eta Goienako bezeroek ere bai», dio Iban Arantzabalek, Antolaketa arduradunak.

Telefonoa gauza askotarako erabiltzen du jendeak: sarrerak erosteko, gida turistiko gisa, mendi ibilaldiak egiteko… Euskarak aukera horietan egon beharra dauka, Arantzabalen ustetan. Hala, Debagoieneko informazioa eta euskara beste espazio eta euskarri batera zabaldu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.