BBCko zuzendaritza estu hartzeko aukera ezin hobea dute langileek datozen asteotan, eta horretaz baliatzea erabaki dutela ematen du. Urriaren 5erako eta 6rako deitu dute greba, hau da, David Cameron lehen ministroaren Alderdi Kontserbadoreak egitekoa duen konferentziaren azken egunetarako. Bigarren lanuzte deialdia, 19rako eta 20rako egin dute, George Osborne Ekonomia ministroak aurrekontuak aurkeztuko dituen egunerako. Sindikatuek argi utzi dute: «Ahalik eta nahasmen handiena eragin nahi dugu».
Defizita kontroletik at
«Pentsioak erreformatu egin behar dira nahi eta nahi ez», esan berri du Mark Thompson BBCko zuzendari nagusiak. «Ez badugu orain egiten, BBCren diru kontu orokorrak jar ditzakegu arriskuan». Izan ere, pentsio sistemaren defizita 551 eurokoa zen duela bi urte, eta, aurten, ia halako lau.
Defizita murrizteko proposamena egin die Thompsonek langileei: norberaren pentsioa zehazteko orduan, etorkizuneko soldata igoerarik kontuan ez hartzea, %1etik harago. Horrez gain, langileek diru gehiago jartzea, pentsio funtsa osatzeko, eta erretiroa hartzeko adina bost urtez luzatzea, hau da, 65 urterekin erretiratzea, oraingo 60 urterekin beharrean. Sindikatuek baztertu egin dute proposamena.
Gaurko pentsio sistema 164 milioi euro kostatzen zaio BBCri urtero, eta, kalkulatu dutenez, 410 milioira helduko da defizitak sorturiko gastuak kontuan hartzen hasten direnean. Sindikatuek, berriz, zalantzan jarri dituzte kalkuluok: «Ez ditugu batere sinesten BBCren zenbakiak», idatzi zuten asteartean, NUJ Kazetarien Nazio Batasuna sindikatuko kideei bidaliriko mezu batean.
Aste honetan hainbat bilera egin dituzte sindikatuek etaBBCko zuzendaritzak, baina ez dira ados jarri. Sindikatuen ordezkariek aho batez bozkatu dute grebaren alde, baita langileen %90ek ere. Urriaren 1era arte eman diote zuzendaritzari beste proposamen bat aurkezteko.
Hegazkin gutxiagoeta tren gehiago
Langile arruntei eskaturiko sakrifizioa konpentsatzeko edo, BBCkiragarri du aurkezle izarrei soldata murriztuko dietela, «bi zenbakiko ehunekoan». Jana Bennett barne produkzioaren zuzendariak gaineratu du kostuak «maila guztietan» murriztu nahi dituztela; langileei «hegazkin gutxiago eta tren gehiago» ordainduta, esaterako. Adierazi zuen«BBCri kalte handia» egiten ari zaiola goi exekutiboen soldata handien inguruko eztabaida.
Izan ere, Mark Byford zuzendariordeak eta Alan Yentob sorkuntza zuzendariak Erresuma Batuko pentsiorik handienak izango dituzte. Byfordek, esaterako, gutxienez 270.000 euro jasoko ditu urtero, Ingalaterrako Bankuko gobernadoreak baino gehiago. Erresuma Batuko langile arruntek pribilegiodun gisa ikusten dituzte BBCkoak, oro har, eta ezin da espero elkartasun handia agertzea grebalariei. Greba egunetan beste kateren bat ikusiko dute askok, eta BBCz gogoratuko dira, bai, baina soilik telebista zerga ordaindu behar dutenean.