Ander Edo. Hamaika telebistako 'Zuk zeuk egin' saioko aurkezlea

«Gure asmoa da neska-mutilak gauzak egitera bultzatzea»

Hamaikak neska-mutikoentzako saio bat estreinatuko du gaur: 'Zuk zeuk egin'. Edok eskulanak, magia trikimailu errazak, errezetak eta zientzia esperimentuak egingo ditu.

HAMAIKA.
urtzi urkizu
2018ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Ogibidez hezitzailea da Ander Edo (Donostia, 1990). Urteak daramatza haurrekin lanean, eta esperientzia luzea du aisialdi taldeetan.

Zuk zeuk egin Gabonetarako «saio aproposa» dela esan dute Hamaika telebistan. Zertan saiatuko zara?

Saioak lau atal izango ditu: zientzia esperimentu errazak etxean egiteko modukoak, magia trikimailuak, eskulanak eta sukaldean errezetak. Oporraldirako interesgarria izan daiteke; gure asmoa ez da zerbait egitea haurrek ikus dezaten, baizik eta haiek ipurdia altxatzea eta gauzak egitera bultzatzea. Hasiera batean, 8-12 urte artekoentzat pentsatu genuen, baina adin guztietarako izango dela iruditzen zaigu. Jada Interneten ikus daitezke hainbat atal: zukzeukegin.blog webgunean eta Hamai karen Youtubeko kanalean.

Saio guztiak egongo dira Interneten ikusgai?

Bai; izan ere, etxean telebistan atal bat behin ikusi ostean, agian ez du denbora emango dena nola egin behar den asmatzen. Telebistakoa gonbidapen bat izan daiteke, gero Interneten sartu eta etxean lasai aritzeko.

Magia nolakoa izango da, serioa ala umorezkoa?

Umorea nahiko transbertsala izango da saio osoan. Bakoitzak bere ukitu pertsonala ematen dio saio bati, eta nireak badu umore pixka bat. Magiako trikimailu pare batek eskulanekin lotura izango dute.

Eskulanetan xelebrekeriaren bat egingo al duzu?

Eskulan batean erretzeko papera erabili beharko da. Ikusle batzuek izango dituzte familian edo inguruan erretzaileak, eta haiek boikotatzeko papera eskatu beharko diete eskulana egiteko.

Eskuak zikintzeko saioa ere izango da, ezta?

Eskulanak eta sukaldea nahastu egingo dira kasu batzuetan. Esperimentu bat zeharo zikintzeko izango da, adibidez. Hain modan dagoen slime delakoa egiteko errezeta egingo dugu; Youtuben ikusgai dago jada bideo hori. Abenduaren 31rako atal guztiak egongo dira jarrita.

Hogei atal egingo dituzue lehen denboraldi honetan. Badituzu ideiak ostera ere gehiago egiteko?

Ikusiko dugu aurreneko atalek zer harrera duten, baina mila kontu daude egiteko. Ikusiko genuke zer aukera egon daitezkeen jarraitzeko. Edonola ere, aurreneko hogei atal hauek baliagarriak izan daitezke ikastetxeentzat edo neska-mutikoak egoten diren beste eremu batzuentzat. Izan ere, Youtuben material asko dago horrelako kontuekin, baina euskaraz, oso-oso gutxi.

Adin desberdinetako haurrentzako edukiak egotea garrantzitsua dela uste duzu?

Zalantzarik gabe. Irudipena dut egiten diren eduki asko 8 urte arteko haurrentzat direla, baina gero hutsune bat dago. Eta egiten diren saioetan ere, infantilizatu egiten da; neska-mutiko batzuei arbuioa sorrarazten die horrek. Hamaikaren saioa mozorrorik eta pertsonaiarik gabe egingo dugu, eta uste dut neska-mutilek ondo hartuko dutela.

Zein da zure ametsa 2019. urterako?

Amorratzen nau helduen tokitik esatea gaztetxoek ez dakitela jolasten eta garai batean hobea zela dena. Nire ametsa litzateke horrelako txorakeriak desagertzea. Umeak beti dira ume, teknologiarekin edo gabe, beti dute jakin-mina, beti dute gauzak egiteko gogoa. Aurreiritzi horiek desagertzea amesten dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.