Podcastak

'Gure garaian', Klak-en podcast berria

Ione Ibarretxek, Julene Samuelek eta Julu El Outmanik 'Gure garaian' podcasta egiten dute bi astean behin.

'Gure garaian' podcasteko esatariak. RAUL BOGAJO / FOKU
'Gure garaian' podcasteko esatariak. RAUL BOGAJO / FOKU
urtzi urkizu
2024ko martxoaren 19a
05:00
Entzun

«Izenburuarekin aldarrikatu nahi dugu guk ere badakigula gauzak egiten gure garaian eta gure modura». Hala diote Ione Ibarretxe, Julene Samuel eta Julu El Outmani gazteek, Gure garaian podcast berriko esatariek. Klak Gazteen Ahotsa egitasmoaren barnean abiarazi dute podcast hori, eta Gasteizen grabatzen dute. Adin batetik aurrerakoek behin baino gehiagotan hasten dute esaldi bat hau esanez: «Gure garaian...». Eta horri buelta eman diote esatariek. «Badakigu askotan nostalgiaz hitz egiten dela, baina uste dugu badela garaia belaunaldi berriei gauzak euren kabuz egiten uzteko».

Bi astean behin sareratuko dituzte atalak, Klak.eus-en, baita Spotify eta Ivoox plataformetan ere. Gogorarazi dute Kabala podcastaren bidea amaitutzat jo zutela Klakekoek. Formatu berri baten aldeko apustua egitea erabaki zuten orduan. «Gure garaian podcasta besteengandik desberdintzen duten gauzetako bat da hiru aurkezle finko gazte garela». Aktualitatea, esate baterako, gazteen ikuspuntutik lantzen dute.

Atal bakoitzean gai nagusi bat lantzen dute. Aurreneko atalean, adibidez, hasierak izan zituzten hizpide. Gizarte gaiak landuko dituztela iragarri dute. «Baina gazteon ikuspuntutik eta modu informal batean landuak». Hizkeran «naturaltasuna» dute helburu; hartaz, gazteak kalean hitz egiten duten moduan aritzen dira mikrofono aurrean.

Ahalduntzeko modu bat

Podcasta egitea garrantzitsua da Ibarretxe, Samuel eta El Outmani esatarientzat. Eta, emakume gazte moduan horrek ahaldundu egiten dituen galdetuta, antzeko erantzunak eman dituzte. Baina bakoitzak bere ñabardurak egin ditu. El Outmani pozik dabil podcastarekin: «Emakume gazte eta arrazializatu gisa, podcast hau egiteak eta publikoki kanpora begira hitza hartzeak ahaldundu egiten nauela sentitzen dut». Ez baitzaio beti erraza egiten hori. «Askotan ez naiz kapaz izaten nire pentsamenduak edo nire iritziak azaleratzeko, baina podcastean aritzea aukera ikaragarria da ahalduntzeko eta egunerokotasunean pil-pilean dauden gaiak hizpide hartzeko, nire ahots propioz».

Ibarretxek ere uste du podcasta egiteak ahalduntzeko balio izan diola. «Batez ere neska eta gaztea izanda zaila egiten baitzait honetarako balio dudala sinistea ere. Inpostorearen sindromea, alde batetik, eta beti gehiago exijitu izan zaigula bestetik, hau da, perfekzio handiagoa. Funtsean, akatserako dugun tartea askoz murritzagoa da, eta etengabe jopuntuan gaude».

Podcastean, hiru esatariek barre egiten dute sarri. Baina «ur handitan sartzeko prest» ere azaltzen dira, lehen atalean erakutsi duten moduan.

«Nire ustez, ez da kasualitate hutsa podcast honen motorrak hiru neska gazte izatea, ahalduntze prozesu gisa ulertzen baitut nik», esan du Samuelek. «Maiz zaila egiten da ahots propioz gai batzuk jorratzea edo gai batzuen bueltan hausnarketa propioak egitea; are gehiago kamera baten aurrean». Baina Gure garaian podcastak aukera asko ematen dizkiela nabarmendu du: «Neska gazte eta arrazializatu gisa, podcastak arazo batzuk hitzetara ekartzeko eta kolektibizatzeko aukera ematen digula uste dut. Podcasta egiteak ni neu aberastuko nau, eta beste neska gazte batzuek ere, ziurrenik, ahalduntze mekanismo gisa hartuko dute».

Hala Bedi irrati librekoek grabaketak egiteko lekua eta material batzuk utzi dizkiete. «Beti agertu dira prest behar dugun edozertan laguntzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.