Komunikazioa. Mario H. Calixto. 'Hola Latinoamérica' egunkariko koordinatzailea

«Gure konpromisoa euskal gizarte osoarengana iristea da»

Kalean da jada 'Hola Latinoamérica' bihilabetekeria. Hala Bedi irratian duela bederatzi urtetik hona izen bereko irratsaioa egiten duen lantaldea da proiektuaren sustatzailea.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Hala Bedin Hola Lationamérica irratsaioa sortu zutenetik bertan aritu da Mario Humberto Calixto (Cucuta, Kolonbia, 1959). Kira etorkinen koordinakundeko eta Bachue errefuxiatu kolonbiarren taldeko kidea da. Gaur goizean Gasteizen aurkeztuko du paperezko argitaralpenaren proiektua komunikabideen aurrean.

Nola sortu duzue Hola Latinoamérica bihilabetekaria?

Ekimena Hala Bediren irratsaioan ari gara garatzen azkeneko urteetan. Irratiko esperientzia paperera eramateko gogoz geunden aspaldi. Orain latinoamerikar estiloko prentsa zabalduko dugu Hego Euskal Herrian.

Nolako edukiak aurkituko ditu irakurleak?

Politikako gaiak aurkituko ditu, Latinoamerikan garatzen aridiren herrialde batzuetako ekimenekin lotuak. Gobernu aurrerakoietan gertatzen ari direnaldaketen berri emango dugu. Ezkerreko hainbat ekimenen gainean ere idatziko dugu. Giza eskubideen atal bat eta ekonomia sail bat ere izango ditu. Gizarte gaiak asko interesatzen zaizkigu, eta ingurumen gaiak ere azalduko dira. Eta mugimendu sozialek bere tartea izango dute.

Aurreneko zenbakian hainbat elkarrizketa egin dituzue. Zeintzuk dira aurreneko protagonistak?

Brasilgo fraile dominikano bat agertuko da, txiroekin lan handia egiten ari dena. Bilboko Venezuelako kontulari egindako elkarrizketa bat ere badugu. Baita Hondurasko Emakumeen Zentroko abokatu bati egindakoa ere. Bestalde, argitalpenean herri kulturaren inguruko tarte bat izango da, eta bertan El Salvadorko musika talde bat azalduko da. Kolonbian gertatzen ari diren giza eskubideen aurkako urraketen gainean ere idatzi dugu.

Nola banatu behar duzue argitaralpena Hego Euskal Herrian?

Telefonotegietan banatzeko asmoa dugu, Latinoamerikako jendearengana iristeko. Baina ez dugu hor gelditu nahi. Latinoamerikako egoera jende guztiak ezagutu behar duela iruditzen zaigu. Gure konpromisoa euskal gizarte osoarengana iristea da. Ondorioz, gizarte etxeetan, tabernetan eta tren geltokietan ere banatuko dugu. Lau herrialdeetan zabalduko dugu argitaralpena, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Etorkin gehien dagoen herrietan zabaltzen hasiko gara. Ahalik eta elkarte gehienengana iritsi nahi dugu, halaber. Sindikatuei ere helaraziko diegu bihilabetekaria.

Lehen zenbakiko editorialak honako izenburua du: «Beste komunikazio eta informazio bat posible eta beharrezkoa da!». Nola egin daiteke hori?

Lor daiteke hori. Beste komunikazio bat posible da sarean lan eginaz eta teknologia berriak erabiliz. Internet erabiltzea garrantzitsua da. Teknologiak erabili behar dira beste komunikabide batzuk bultzatzeko. Euskal Herrian, adibidez, saiatuko gara Arrosa irrati sarearekin lan egiten. Latinoamerikako irrati komunitarioen sarearekin eta AMARC nazioarteko irrati sarearekin ere jarriko gara harremanetan. Latinoamerikan badaude hedabide alternatiboen talde batzuk, eta haiengana iristen saiatuko gara. Talde horiekin komunikazio minimo bat lortu dugu jada. Interneteko Twitter eta Facebook sare sozialekin ez gara fidatzen, atzean AEBetako botereak daudela uste baitugu. Etengabeko espioitza dago anaia handia horren eskutik.

Hala Bedi irratiko saioarekin jarraituko al duzue?

Bai, noski. Datorren larunbatean beteko ditugu bederatzi urte, eta ospakizun berezia egingo dugu. Kontuan hartu behar da programa 09:00etan ematen dutela. Eta, orain, paperezko argitaralpenari esker, larunbatean goiz esnatzeko arazoak zituztenek berriak irakurri ahalko gaituzte. Dena den, gustatuko litzaiguke irratsaioa beste irrati batzuetara zabaltzea Arrosaren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.