Komunikazioa. Monica Terribas. TVCko zuzendaria

«Guretzat drama bat litzateke ikusleak galtzea eta ez berreskuratzea»

urtzi urkizu
Donostia
2011ko irailaren 4a
00:00
Entzun
2008. urtean izendatu zuten TVCko zuzendari Monica Terribas (Bartzelona, 1968). PSC-ERC-ICV hirukoa zegoen orduan Generalitatean. CIUk boterea hartu duenean, karguan segitu du, sei urteko kontratua baitu. Stirlingo (Eskozia) Unibertsitateko doktorea eta Pompeu Fabrako irakasle titularra ere bada Terribas.

«Telebista publikoak nola ez duen minoritarioa izan behar» izenburuko hitzaldia eman duzu. Zergatik uste duzu zenbaitek telebista publikoa minoritariotzat jo nahi dutela?

Enpresa pribatu batzuk garrantzia kendu nahi izan diote telebista publikoaren lanari. Baina telebista publikoa erabakigarria da gizarte informatu, kohesionatu eta kritikoari eusteko. Kriterio horiei eutsi egin behar diete kate publiko generalistek. Merkatuan eduki hutsalekin lehiatzen saiatzen bazara ikus-entzuleen buru izateko eta zerbitzu publikoaren sena galtzen baduzu, garrantzigabea bilakatzen duzu gehiengoarentzako edukia. Egin behar dena da gehiengoarentzat eduki bilakatu garrantzia duena.

TV3 katearen kasuan ikusle datuak oso onak dira azkenaldian.

2010. urtean liderrak izan ginen, eta 2011ko lehen seihilekoan ere lehen postuan gaude. Aurten Tele5tik bi puntu gora gaude.

Nola lortzen da hori?

Lan asko eginaz. Saio estrategiko batzuetan asmatuz ere bai. Esate baterako, elkarrizketa saio indartsu batekin CSI garaitzea lortu genuen. Dokumental bikain batzuk ondo programatu ditugu, prime time ordutegian, eta ondo funtzionatu dute. Generoetan oreka aurkitzen ari gara, kohesio soziala lortzen duten pertsona eta agenteekin. Bartzelona futbol taldearen bidez, adibidez, ikusle asko iritsi zaizkigu beste modu batean TV3 ikusiko ez luketenak. Latinoamerikako eta Europako etorkin asko heldu zaizkigu futbolari esker, eta haiek harrapatzen ditugu programazio estrategiarekin jokatuz.

ETBk, aldiz, ikusle galera handia izan du. Kanpotik nola baloratzen duzu?

Ni asko kezkatzen nau telebista nazionalek beren lurraldean erakarmena galtzea. TVG, ETB eta TVCren kasuan drama bat litzateke ikusleak galtzea eta ez berreskuratzea, herri horietako motorrak izateko bokazioa dutelako. Baina sinistuta nago ETBren kasuan erantzun bat egongo dela, euskal ikuslek ezin baitute onartu beren telebista publikoak lidergoa galtzea. Hori borrokatu egin behar da. Zerbitzu publikoaren alde egin behar da, haren esentzia guztian, abagune politikoak ahaztuz.

PSC-ERC-ICV hirukoa Generalitatean zela izendatu zizuten TVCko zuzendari. CIUrekin karguan jarraitzen duzu. Zerbait aldatu al da Kataluniako telebista publikoan?

Ez. CIUrekin gauzak ez dira aldatu, talde bera baikaude. Legeak banatu egin zituen hedabide publikoak eta gobernua. Gobernuko kontseilua izendatu zen. Eta ni profesional batek izendatu ninduen, Rosa Cullelek.

BERRIAk abuztuaren 21ean Victor Alexandreren artikulu bat argitaratu zuen. Han esaten zuen nazionalista euskaldun eta katalan sentitzen direnak definitzen dituztela telebistek. Eta espainiarra sentitzea normaltasunaren sinonimo dela. Hori bultzatzea leporatzen zien euskal kate publikoei eta katalanei.

Alexandre oso kritikoa da egiten ditugun gauza askorekin. Eta ni pozik nago begirada zorrotz horri eusten diolako. Baina nik TV3ko eztabaida batzuetan entzun izan dut nazionalismo espainiarraz modu irekian hitz egiten.

Nafarroan Ikus-entzunezko Kontseilua kenduko dute. Zer garrantzi du Kataluniako ikus-entzunezko kontseilu indartsu bat egoteak?

Nafarroakoa oker handia da. Kataluniako kontseilua ez bagenu, telebista publikoa ez litzateke hain zorrotza izango bere buruarekin. Madrilen Zapaterok TVEtik publizitatea kentzeko legea onartu zuenean, lege horretan Espainiako kontseilu bat sortzea jasotzen zen. Baina ez dute sortu. Ondorioz, kate pribatuek haur ordutegiak hausten segitzen dute, eta inork ez die ezer esaten.

Krisia dela eta, murrizketak egin behar izan dituzue. Baina hala ere Esport3 kirol katea sortu duzue. Zer moduz doa?

Duela hiru urte baino diru eta jende gutxiago dugu, baina gaikako lau kate ditugu. Eskubideei eta baliabideei errentagarritasun handiagoa ateratzen ari gara. Canal33 kultur katea da orain, eta %2ko ikusle kuota du. Esport3 kateak, berriz, %1eko kuota du.

Aldaketa teknologikoek zer ekarriko diote TVCri?

Dagoeneko ez gara bakarrik telebista pantailetarako lanean ari. Sakelako telefonoetarako eta tabletetarako ere ari gara lanean. Eduki multikanalen sortzaileak gara. Eta bide horretatik goaz, baina ikusi egin beharko da merkatua nola garatzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.