Hamaika telebistak aplikazio berria sortu du, eta webgunea egokitu

Webgunea euskarri guztietara egokituta dago. Errazagoa izango da edukiak partekatzea

Hamaika zuzenean zein nahieran ikus daiteke, Internet bidez. BERRIA.
urtzi urkizu
2018ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Hamaika telebistak aplikazio berria prestatu du, Android eta iOS sistemetako gailu eramangarrietarako. Horrez gain, webgunearen diseinua aldatu du. Elkarrekin «erabat osagarri» eta «koherente» izango diren bi tresna dituzte orain, Beñat Zarrabeitia Hamaikako komunikazio arduradunak azaldu duenez.

Zarrabeitiak nabarmendu du hartzaileengan pentsatuz egin dituztela webgune berrituaren aldaketak: «Webgune bisualagoa da, garbiagoa; elementu gutxiago ditu azalean, eta erabiltzaileak errazago ikusi edo topatuko ditu edukiak. Batetik, gure edukiak nahieran ikusteko aukera izango du —bilatzailea erabiliz aspaldiko saioak ere ikusi ahalko ditu—, eta, horrekin batera, lehen planoan aurkituko du zuzeneko emisioa». Azkeneko hilabeteetan,Hamaikak garrantzi berezia eman die zuzeneko emankizunei: presoen eskubideen aldeko Parisko eta Bilboko manifestazioak, Katalunian Diada egunean eta urriaren 1eko erreferendumean egindako jarraipen berezia, Hego Euskal Herriko hiriburuetako jaietako ekitaldi nagusiak... Bide beretik jarraituko du Hamaikak, eta LTDan edo kable bidez ikusten ez dutenek webaren bitartez ere ikusi ahal izango dituzte egingo dituzten zuzenekoak.

Halaber, webgune berrituaren abantailen artean, Hamaikako kazetariak nabarmendu du edukiak errazago partekatu ahal izango direla sare sozialetan. «Edukiak pantaila guztietan baliatzeko aukera izango du erabiltzaileak».

Saioz saio, aplikazioan

Webgune berria euskarri guztietara egokituta dago. Horrenbestez, Hamaika inongo arazorik gabe ikus daiteke sakelako telefonoetan zein tabletetan: «Telebista ikusteko eta kontsumitzeko modua asko aldatu da. Hori dela eta, ezinbestekoa da ahalik eta modurik erosoenean ikusi ahal izatea».

Gailu eramangarrietarako aplikazioari dagokionez, erabiltzaileak saioz saio eta saio bakoitzaren atal guztiak ikusi ahal izango ditu. «Gurean gaur aktualitateko saioan, adibidez, azken albisteak ikusi ahal izango dira».

Halaber, sakelako telefonoa telebistako telekomando bilakatzeko aukera eman nahi dute, aplikazio berriaren bitartez. «Chromecast bidez gure edukiak sakelakotik telebistara igortzeko modua emango du aplikazioak», azaldu du Zarrabeitiak. Egun hauetan, hiru Chromecast zozkatuko dituzte ikusleen artean.

Hamaikak kontsumo joera berriei adi egon nahi du. «Era berean, partekatzeari eman nahi diogu garrantzia. Erabiltzaileak edukiak nonahi partekatzeko aukera izatea, eta gure edukiek sare sozialetara jauzi egitea modu erraz eta natural batean», gaineratu du telebistako komunikazio arduradunak. «Hori da etorkizunari begirako erronka nagusietako bat, bai edukiak sortzerako orduan, bai webgunea egituratzeko orduan ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.