Komunikazioa

Hamaikak egoitza berria inauguratu du Donostian, «aurrera egiteko»

Iñaki Uriak azaldu duenez, lanabes eta tresna berriak izateak eragina izango du telebistaren kalitatean

Juan Karlos Izagirre, Martin Garitano eta Iñaki Uria, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Donostiako Zuatzu enpresa parkeko PI@ eraikinean du Hamaika telebistak egoitza berria. Hiru urte dira Bilbon jaio zenetik, eta bi urte Hamaika Gipuzkoan martxan dela. Hasieran, Gipuzkoa Telebistako egoitzan grabatu zituzten saioak, maizter. «Orain ere alokairuan gaude. Gauza batzuk hobetuko ditugu etxe honetan. Izango ditugun baliabideak kontuan hartuta, kalitatean nabarituko da», adierazi zuen atzoko inaugurazioan Iñaki Uria Hamaika telebistako zuzendariak.

Baina telebista batez ere edukiak direla aitortu du Uriak. «Eta edukietan garai interesgarriak dira hauek bai politika munduan bai ekonomia munduan. Grina eta gogoa duen gurearen moduko komunikabide batentzat aukera ezinhobea ematen du». Euskarazko komunikazioaren esparruan telebistari «leiho bat ireki» nahi dio Hamaikak. «Telebista munduan euskara aurrera eraman nahi dugu».

Telebista atomizatu egin da, eta, Uriak dioenez, finantzaketa ereduak aldatu egin dira. «Baldintza horietan oso zaila da euskaraz telebistan aurrera egitea. Orain arteko estrategiak aldatzeko garaia da. Finantzaketan desproportzio bat dago Eusko Jaurlaritzak euskarazko tokiko kateentzat ematen duenaren etaETBrentzat ematen duenaren artean. Leiho publiko bakar bati dena eman beharrean, ez al da euskararentzat eraginkorragoa dirua dibersifikatzea? Bada horretan pentsatzen hasteko garaia».

Uriak, azkenik, iragarri zuen proiektuak aurkeztu dituztela irrati lizentzietan euskarazko erreserbak dauden eremuetan.

Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok Hamaikaren sorrera gerturik bizitzeko aukera izan zuen: «Herri honetan hamaika gauza daude kontatzeko. Txikitasunetik Euskal Herrira zabaltzen ari den telebista euskalduna da Hamaika, eta euskaltzale guztion txaloa merezi du horrek».

Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek egoitza berriarekin «apustu irmo bat sendotuko» dela adierazi zuen: «Eraikuntza honek aurrerabide teknologiko guztiak dauzka, eta hori oso positiboa da. Beharrezkoa ikusten dugu horrelako telebista bat, eta elkarlanerako prest gaude».

Ekitaldi jendetsua

Donostiako Hamaikaren egoitza berriaren inaugurazioan alor ezberdinetako lagunak bildu ziren atzo Zuatzun: Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mahaiaren presidente Lohitzune Txarola, Aralarreko batzarkide Rebeka Ubera eta EAJko batzarkide Markel Olano, ezker abertzaleko ordezkari Maribi Ugarteburu eta Hernaniko Bilduko alkate Luis Intxauspe. Mikel Astarloza txirrindularia, Joan Mari Irigoien idazlea, Joan Mari Torrealdai euskaltzaina eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia batekin eta bestearekin solasean aritu ziren. Komunikazio alorreko lagunek ere ez zuten huts egin: Inazio Arregi Goienako zuzendari nagusia, Iñaki Soto Gara-ko zuzendaria, Arantzazu Zugasti Noticias de Gipuzkoa-ko zuzendaria, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria....

Donostiako Hamaikaren egoitza berriaren inguruko bideoa ikusteko:

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.