Lurreko telebista digitaleko kate gehienek frekuentzia aldatu behar izan dute. Antenak egokitu ez dituzten aparatuetan ETBko lau kateak ikusteko modurik gabe gelditu dira, Bizkaian eta Gipuzkoan. Otsailean, Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak esan zuen bi herrialde horietako etxeen %10 geldi daitezkeela ETB ikusi gabe. Hamaika telebistari ez dio eragingo aldaketak.
ZER DA DIBIDENDU DIGITALA?
Eremu erradioelektrikoan izaten den prozesu bat da, lurreko telebista digitaleko kanalek okupatzen zuten tarte bat telefonia operadore handiek har dezaten. 790 megahertzeko frekuentziatik 862ra artekoan emititzen duten lekua da kateek utzi behar izan dutena, eta beste batera mugitu. Telefonia operadoreek 4G konexio mugikorrerako erabiliko dute maiztasun hori, 4G zabaltzeko bide erraz eta azkarrena baita 800 megahertzeko banda. Europako Batasunak 2015eko lehen egunerako jarri zuen epea prozesua amaituta egon zedin. Espainiako Gobernuak, ordea, hiru hilabetez epea luzatu behar izan zuen.
LTD-KO KATEAK BERRIRO SINTONIZATU BEHAR DIRA?
Bai, telebista LTD bidez ikusten dutenek berriro sintonizatu behar dituzte kateak. Sintonizatu ez dutenek ezingo dituzte ikusi kateak. Kable bidez (Euskaltel, Movistar...) telebista ikusten dutenek, aldiz, ez dute antena egokitu beharrik, ez sintonizatu beharrik.
DIRU LAGUNTZAK BADAUDE ANTENAK EGOKITZEKO ?
Bai. Zentral programagarri bat duten eraikinetan, gehienez, ehun eurokoak dira diru laguntzak. Kate bakarreko anplifikazio sistema duten eraikinetan multiplex kopuruaren araberakoak dira: multiplex bat 150 euro, bi multiplex 250 euro, hiru multiplex 350 euro, lau multiplex 450 euro, eta bost multiplex 550 euro. Bilbon lau multiplex dituzte, Gasteizen eta Iruñean hiruna, eta Donostian bi. Webgune honetan egin daitezke eskaerak: ayudas.televisiondigital.gob.es/. Eraikineko antenan aldaketak egin eta gero eskatu behar dira diru laguntzak.
ZER EGIN BEHAR DA FAMILIA BAKARREKO ETXEETAN?
Halako etxe gehienetan soilik telebista edo deskodegailua sintonizatu behar da berriz.
ZER EGIN BEHAR DA KATEREN BAT IKUSTEN EZ BADA?
Telebista berriro sintonizatu eta lehengo kateren bat ikusten ez bada, antenistari deitu behar zaio antena kolektiboa egokitzeko. Halaber, Espainiako Gobernuak bi telefono zenbaki ditu herritarren zalantzak argitzeko: 901 20-10-04 eta 911 19-99-86.
ZER DIOTE ANTENISTEK?
Bizkaiko Telekomunikazio eta Instalatzaile Elektrikoen Elkartearen arabera, Bizkaian antenen %90-95 inguru egokitu dira: «Kasu bakan batzuk egon daitezke egokitu gabe: bigarren etxebizitzak eta administratzailerik ez duten komunitate txikiak». Gipuzkoako datua antzekoa dela adierazi du Gipuzkoako Instalatzaile eta Mantentzaileen Enpresen Elkarteak.
ZER DIO ETB-K?
ETBko zuzendaritzak «arduraz» ikusten du LTDaren seinale berrietara antenak egokitzeko itzalketaren prozesua. «Antena guztiak egokituta ez badaude, ikusle datuetan eragina izan dezake. Gure kezka administrailerik ez duten komunitate txikiekin dago. Egokitzapena egiteko nora jo eta zer egin ez dakiten komunitate txikiek eragiten digute kezka». ETB LTDan ikusten jarraitzeko antena egokitu eta telebista berriro sintonizatu behar da. Bidean ikus-entzuleak utz daitezkeelako arduratuta dago ETB.
ZER DIOTE KATE PRIBATUEK?
Uteca Espainiako kate pribatuen elkarteak salatu du dibidendu digitalarekin irekian eskaintzen den telebista zigortu dela. «Inplizituki edo esplizituki, ordainpeko telebista sustatzeko asmoa dago». Elkarteak Espainiako Industria Ministerioa kritikatu du, «borondate eskasa» duelako sektoreko arazoak konpontzeko.
BESTE DIBIDENDU DIGITALIK IZANGO AL DA?
Europako Batasunak 2020an bigarren dibidendu digitala gauzatzeko erabakia hartu du. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan lehendik egina dago aurrenekoa, eta Frantziako Gobernuak bigarrena aurten egitea adostu du.