Maialen Goñi. 'Zinea.eus' atari digitaleko koordinatzailea

«Hedabide interaktiboa izan nahi dugu, ez soilik gurea hartzaileei ematea»

Euskara hutsean esklusiboki zinemaz aritzen den hedabide digitala da 'Zinea.eus'. «Bizirik irautea» du erronka. Zenbat eta bisitari gehiago izan, etorkizun hobea eta gauza gehiago egin ahalko dituztela esan du Goñik.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2016ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Ritxi Lizartza Maramara taldeko zuzendariaren eskutik sortu zuten duela hiru urte Zinea.eus atari digitala (Zinea.eu zen hasieran), zinemaren inguruan euskara hutsean arituko zen hedabide baten hutsunea betetzeko asmoz. Maialen Goñik (Donostia, 1989) erredaktore eta koordinatzaile lanak betetzen ditu duela bi urtetik hona. «Kalitatezko» produktu bat eskaini nahi du lantaldeak, euskara «txukunean», eta zinematik at dauden istorioen eta txutxu-mutxuetan sartu gabe. «Zinemara mugatuta».

Duela gutxi, Hekimen euskal hedabideen elkartean sartu zarete. Nola izan da erabaki hori?

Hedabide txikia garen aldetik, ikusten genuen egitura baten beharra geneukala, bai eta sektoreko beste kideekin harremanetan jartzeko beharra ere. Uste dugu hedabideen komunitatean badugula zer eskaini. Hekimenen egiten diren bilerak eta formakuntza saioak onuragarriak izango dira guretzat.

Erronka batzuei aurre egiteko baliagarria izan daiteke?

Bai, kolektibo baten parte izateak ekartzen dituen laguntzak positiboak izango dira Zinea.eus-entzat.

Zinemaz informatzen du atariak. Baina egileen, produktuen eta ikusleen bilgune ere izan nahi duzuela diozue webgunean.

Hedabide interaktibo bat izan nahi dugu. Hau da, ez soilik guk gurea hartzaileei ematea. Baizik eta herritarrek eta ikus-entzunezko industrian lan egiten dutenek gure hedabidea tresna baten moduan erabil dezatela. Zinemazale orok informazioa badu, guregana jotzea nahiko genuke. Industriako langileentzat ere interesgarria izan daiteke Zinea.eus, haien iturria izan daitekeelako. Eragileekin harreman bat sortu nahi dugu, edukiak zabaltzeko.

Irakurleekin nolako harremana duzue?

Nabaritzen dugu sare sozialen bitartez gero eta jende gehiagok jarraitzen gaituela. Zenbait irakurlek esaten digute estreinaldiak edota kritikak gurean begiratzen dituztela. Beste hedabide batzuek gurera ere jotzen dute.

Sare sozialak aipatzen dituzula, nola jokatzen duzue horietan?

Webgunean sortzen ditugun eduki guztiak Twitterren eta Facebooken zabaltzen ditugu. Youtubeko kanalean bideo elkarrizketak jartzen ditugu. Bestalde, euskaraz eta zinemarekin lotura duten beste txioak zabaltzen ditugu. Atzerriko zinema ere interesatzen zaigu, eta atzerriko hedabideetako albiste interesgarrien berri ematen dugu.

Zinema kritikak argitaratzen hasi zineten duela urte bat. Lehiaketa bat antolatu zenuten, eta Uxue Arzelus bilakatu zen atariko kritikari.

Oso gustura gaude. Argi genuen eduki propioak sortzeko beharra genuela, eta horregatik antolatu genuen lehiaketa. Apiril bukaeran amaituko du Arzelusek, eta berriro jarriko dugu martxan lehiaketa kritikak idatziko dituen pertsona aukeratzeko.

Euskarazko zinema zer egoeratan ikusten duzu?

Galdera hori nik ere askori egiten diet. Nire ustez, osasun ona du, kakotxen artean, testuingurua kontuan hartzen badugu. Hobea izan zitekeen, eta erakunde publikoen babesa hobetu daiteke. Baina jendearen pertzepzioa da 2014an Loreak egin zela, eta 2015ean Amama. Bi film horiez aparte, film labur ugari daude, dokumentalak egiten dira eta industria txiki bat badago. Zinemagileek aitortzen dute Madrilen eta Bartzelonan mugimendu gehiago dagoela, eta jendeak kanpora atera behar duela lanera. Hemengo industria indartu eta jendea Euskal Herrian lanean geratzea da lortu behar duguna.

Zinea.eus bezala, euskarazko hedabide espezializatu gehiago sortuko dira etorkizunean?

Bai, badaude batzuk. Interesgarria litzateke gai bakoitzean espezializatutako hedabideak euskaraz sortzea. Mila arlo daude. Erabiltzaileek eskertzen dituzte halako hedabideak, eta badago bide bat egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.