Lohizune Amatria. Eiken Talent lehiaketaren aurtengo irabazlea

«Hemen sortu behar dugu umeek telebistan ikusiko dutena»

Eiken Talent lehiaketaren zazpigarren edizioa irabazi du Amatriaren 'Berrikarin' proiektuak: haurrentzako albistegi bat da. Beka bat jasoko du, Irusoinen proiektua garatzeko.

urtzi urkizu
Andoain
2014ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Unibertsitatean ikus-entzunezko ikasketak amaituko ditu aurten Lohizune Amatriak (Iruñea, 1992). Uda BERRIAn egingo du, bekadun gisa.

Nola sortu zitzaizun Berrikarin proiektua egiteko ideia?

Duela bi urte, klaseko guztiak EikenTalent lehiaketara aurkeztu ginen. Iaz, berriz, Argentinan izan nintzen. Aurten, Euskal Herrira itzultzean, epea zabalik zegoen proiektuak aurkezteko, eta pentsatu nuen aukera hau ezin nuela galdu. Ikus-entzunezko munduan sartzen joateko aukeratzat ikusi nuen. Aurten, generoa, irudia eta nortasuna gaia eman dut, eta, irakasleak gomendatuta, Lolo Ricoren liburu bat irakurri nuen: Televisión, fábrica de mentiras. Liburua irakurrita sortu zitzaidan kezka haurrek telebistan ikusten dutenaren inguruan. Telebista saioak egiten dituztenek sortzen dute umeen identitatea eta ideologia. Orduan pentsatu nuen haurrentzako proiektu bat sortzea: albistegi bat. Saioak marrazki bidez emango lituzke albisteak, izaera kritiko batekin.

Lehiaketa irabazteari esker proiektua garatzeko aukera izango duzu, eta ETBn estreinatuko da, ezta?

Bai, ilusio handiarekin nago. Honako hau oso aukera ona da. Krisiarekin gazteok ez dugu aukera handirik. Lau hilabetez neurea den ideia bat garatuko da, eta hori izugarria da. Irusoin enpresak garatuko du proiektua. Nik haiekin parte hartuko dut, baina ez dakit oraindik nola izango den elkarlan hori. Ideia euskaraz garatzeko da. Dena den, ETB2n gaztelaniaz ere egin nahi badute, primeran.

Duela bi urte, beste proiektu bat aurkeztu zenuen. Zertan zetzan?

Literatura eta tokiak lotzen zituen. Adibidez, Lazkao Txikiren bertso bat abiapuntutzat hartu eta Lazkaomendi ezagutzeko bidea ematen zuen saioak.

Berrikarin proiektuari dagokionez, nolakoak dira aipatu dituzun marrazkiak?

Orain, Interneten tutorial asko daude, non pantaila zuri baten gainean esku batek marraztu egiten duen off ahotsak kontatzen duena. Ideia hori da, baina telebistara eramana. Gai bakoitzeko, umeentzat moldatutako albiste bat azalduko genuke.

Zergatik dira garrantzitsuak neska-mutikoentzat propio egindako telebista saioak?

Umeek, helduek bezala, inguratzen dutenarengatik sortzen dute identitatea eta ideologia. Umeek dena zurrupatzen dute. Zoritxarrez, euskaraz ez dago saiorik neska-mutikoentzat. Iruditzen zait hemen sortu behar dugula umeek ikusiko dutena, eta hori hezigarria bada, askoz hobe.

Telebista publikoak ba al du ardurarik horretan?

Bai. Telebista publikoa den heinean, ez lieke begiratu behar ikusle datuei, baizik eta zerbitzu bat emateari. Neska-mutikoen kasuan, are gehiago. ETB3 hor dago, baina ez du Euskal Herrian sortutako edukirik ematen.

Nafarroan, ordea, ez da ETB3 ikusten. Nafarroako haurrengan ba al du horrek eragina?

Bai, noski. Ni txikia nintzenean ETB1en saio asko ikusteko aukera nuen. Gaur egun, Nafarroako haurrek ez dute aukerarik euskarazko saiorik ikusteko. Horrek guztiak hizkuntzaren garapenean ere eragina du.

Zer gustatuko litzaizuke etorkizunean egitea?

Niri ikus-entzunezkoetan lan egitea gustatuko litzaidake. Kazetaritza eta idaztea ere gustuko ditut. Irabazi dudan lehiaketa ondo dago, baina gazteentzat ez dago beste ezer. Muga handiak ditugu gazteok gure ideiak garatu eta esperientzia lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.