Komunikazioa. Euskal komunikazioa eta sare sozialak (XII). Gorka Palazio. EHUko irakaslea

«Herritarrak bere kanalen jabe izateko aukera du sare sozialekin»

Palazioren ikasleek gero eta gehiago erabiltzen dituzte sakelako telefonoetako aplikazioak kazetari lana egiteko.

BERRIA.
urtzi urkizu
2012ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean ematen ditu eskolak Gorka Palaziok (Portugalete, Bizkaia, 1961). Software librearen aldeko jarrera tinkoa du irakasleak.

Huheziko irakasle Goio Aranak esan zigun beren ikasleak komunikabideetara gehienbat sare sozialen bitartez sartzen direla. Zuen ikasleen kasuan ere gauza bera gertatzen al da?

Bereizketa bat egin behar da. Batetik, komunikazio tresna soil gisa erabiltzen diren sare sozialak daude; Tuenti, Facebook eta halakoak. Eta, bestetik, badaude Twitter erabiltzen duten ikasleak, informazioa kudeatzeko, plazaratzeko eta jasotzeko. Informazio alorrean interesgarriagoa da Twitter bezalako sare bat, Facebook eta Tuenti baino. Sakelako telefonoak erabiltzen dituztenen artean gero eta maizago ikusten ditugu informazio pertsonala kudeatzeko eta kazetari lana egiteko aplikazioak dituzten ikasleak.

Hain zuzen ere, zer iruditzen zaizkizu smartphone eta tabletetan informazio jarioak irakurtzeko dauden Zite, Pulse eta Flipboard aplikazioak? Sare sozialak irakurtzeko ere baliagarriak dira, ezta?

Eredutzat hiru aplikazio horiek har daitezke, eta etorkizun handia dutela esango nuke. Informazioa jasotzeko eta bitartekari lanerako aproposak dira. Herri kazetaritza gauzatzeko, ezin hobeak dira, pertsonalizatu ahal dezakezulako gehien interesatzen zaizun informazio alorra. Aplikazio hauetan dena sartzen da: sare sozial batetik datorren informazio jarioa, blog edo webgune batek ematen duena... Informazio iturriak mota askotakoak dira, eta horregatik dira egokiak. Herritarrei zer interesatzen zaien jakiteko balio dute. Hizkuntzak ere muga markatzen du.

Eta euskara nola dago testuinguru horretan?

Batetik, Umap.eu dago, CodeSyntaxek sortutakoa eta Twitterreko euskarazko jarioa jasotzen duena. Bestetik, Berriketan.info dago software librean sortua, eta hori oso interesgarria da.

Euskarazko komunikabideek zer jarrera hartu beharko lukete sare sozialek ekarri dituzten aldaketak direla eta?

Nahiko jarrera automatikoa dute egun. Egon, egon behar delako, eta ahalik eta sare gehienetan. Zure mezua zenbat eta gehiago hedatu, are hobe, bistan da. Baina ez dira bereizten sare sozial motak eta haren problematikak. Loturak ipintzea ez dago gaizki, automatikoki egin daitekeen zerbait da. Beste kontu bat da zenbateraino aipa daitekeen komunikabide publiko batean sarearen izena. Sarearen marka aipatzea, alegia. Frantzian pausoa eman dute komunikabide publikoetan Facebook eta Twitter ez aipatzeko: sare sozialak modu generikoan aipatzen dituzte. Nik ere pentsatzen dut horrek horrela izan behar duela. Pauso garrantzitsua iruditzen zait. Baina batzuentzat zaila ematen du. Hego Euskal Herrian eta Espainian, behintzat, ez dute halakorik egiten. Badirudi ez direla konturatzen enpresa batzuen markak aipatzen ari direla.

Aurrera begira ematen du Twitterrek baduela etorkizuna. Twitterreko jarioa ahots bihurtu eta irratian entzuteko aukera ematen duen tresna ari dira sortzen, adibidez.

Bai, gero eta maizago ikusiko ditugu horrelako aplikazioak, testutik ahotsera eta ahotsetik testura pasatzeko aukera ematen dutenak. Nahiko aproposak dira, gainera, gorrentzat eta itsuentzat.

Aplikazio mota horiek euskaraz ere izango al ditugu etorkizunean?

Bai, jakina. Eremu txikiko hizkuntzetan teknologia hauek geroago sartzen dira, eta pixka bat kostako da, baina iritsiko dira. Joan den udan Google Voiceko arduradunak izan ziren gurean, eta lan bat egin dugu haiekin. Siri bezalako bat euskaraz helduko da denborarekin.

Google+ sare sozialak egingo al die itzalik Facebooki eta Twitterri?

Bezeroak bereganatuko ditu, bai, baina apur bat berandu heldu da. Brasilen Googlek Orkut erosi zuen bere garaian, eta orain Google+ekin bat egingo du. Zirkuluen asmakuntza nahiko ona da eta plus ona da berarentzat. Pribatutasuna gordetzeko emandako pausoa ere ez da txarra. Baina Twitter bezalako microblogging plataforma bat erosi ez izanaz damu dela esango nuke.

Edmodo ere erabiltzen duzu zuk. Nolako sare soziala da?

Irakaskuntzarako espresuki egindako sare sozial bat da, oso egokia pribatutasunari eusteko. Hiru rol ematen ditu aukeran: irakasle, ikasle edo guraso izan zintezke. Ondo pentsatuta dago hezkuntzarako, irakasleek parte hartu dutelako haren diseinuan. Lau milioitik gora erabiltzaile ditu. Ona litzateke tankerako beste sare sozial batzuk sortzea.

Kazetaritzan garrantzitzuak izango al dira sare sozialak etorkizunean?

Bai informazioa jasotzeko, bai komunikazio tresna gisa. Herritarrentzat Internet bihurtzen ari da benetako tresna komunikatzeko. Herritarrak bere kanalen jabe izateko aukera du sare sozialekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.