Herritarren egoera afektibo eta sexuala landuko dute podcast batean

'Zuzeu'-k 'Kaixomaitia'-rekin elkarlanean ekoitzitako podcast bat estreinatuko du martxoaren 2an

Zuzeu Podcast-ek Kaixo maitia, zer duzu? podcasta estreinatuko du martxoaren 2an. ZUZEU.
urtzi urkizu
2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Kaixomaitia atariak bi inkesta egin ditu Euskal Herriko herritarren egoera afektibo eta sexuala ezagutzeko asmoz: aurrenekoa, 2016an, eta bigarrena, iaz. Emaitzekin txosten bat aurkeztu zuten, eta podcast batera eramango dituzte atera dituzten ondorioak. Zuzeu Podcast-ek martxoaren 2an estreinatuko du Kaixo maitia, zer duzu?. Lehen denboraldiak hamabi atal izango ditu.

Podcast berriak inkestaren azpigaiak jorratuko ditu: egoera afektiboa, Internet bidezko harremanak, bizitza sexuala eta leialtasuna. Anartz Bilbao kazetariak gidatuko ditu gai horien inguruko solasaldiak. Ondorioak aztertzen arituko dira Iñigo Arandia Kaixomaitia-ko arduraduna eta Olatz Berastegi sexologo eta psikoterapeuta.

Arandiak azaldu du podcastaren helburuak zein izango diren: «Blogean idatziz dauden testuak, batez ere sexu inkestako txostenarenak, beste formatu batean zabaltzea da xedea; baita beste kanal batzuetan hedatzea ere». Kaixomaitia-ko arduradunari iruditzen zaio podcastak gero eta gehiago kontsumitzen direla. «Gehien kostatzen dena edukia bera sortzea da. Behin edukia sortuta, narratiboki nahiko erraza da beste formatu batzuetarako egokitzea. Podcast honekin inkestaren edukiak kontsumituko dituen merkatua zabaldu nahi dugu. Beste urrats bat da edukien bizitza zikloan».

Aurreneko aldia da Kaixomaitia-k Zuzeu-rekin elkarlanean podcast bat ekoizten duena, baina ez da azkena izango: «Beste proiektu batean ere ari gara lanean. Kaixomaitia-ko beste eduki batzuk landuko ditugu; besteak beste ipuin erotikoak eta sexuarekin eta harremanekin lotutako beste eduki batzuk egongo dira».

Zuzeu Podcast-ek urtarrilean hasi zuen denboraldia, Urpeko bonbarda podcast berriarekin. Anartz Bilbaok gidatzen du musikari buruzko podcast hori —zenbait musika irratsaiotan aritua da—, eta honela egituratu du: «Baga atalean, artista, zigilu, garai edo joera jakin bati buruzko monografikoak osatzen ditugu; Biga atalean, kontzeptu, hitz edo gai baten bueltan saioa osatzea izango da xedea, eta Higa atalean, puri-purian dagoen musika aurkeztu (zerbait berria, plazaratu berriak diren diskoen bitartez), aspaldiko musika berreskuratu (zerbait zaharra, efemeride edo gertakariren batek gaurkotasunera ekarri dizkigun doinuen bitartez), eta moldaketa edo bertsioren bat ematen dugu». Ostegunero atal berri bat sareratzen dute. Bilbaok itxaropena du Urpeko bonbarda «luzarorako saioa» izango dela.

Zuzeu Podcast-eko arduradunek aurreko denboraldian martxan jarri zituzten zenbait podcast berreskuratu nahiko lituzkete. Ziurra da Maite Goñi irakasleak egiten zuen 10 minututan podcastak ez duela atal berririk izango. Euskal gaizkileak podcast-aren atal berriak grabatu nahiko lituzkete, baina Bilbaok adierazi du «korapilatsua» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.