1958. urtea, Donostiako Zinemaldia. Alfred Hitchcock zinemagilea Gipuzkoako hiriburuan dago, Vértigo filma aurkezteko —Sueurs froides: d'entre les morts eleberrian oinarritutako istorio psikologiko iradokitzailea—. Zinema beltzaren maisua bahitzera doaz, baina El Ministerio-ko talde batek salbatu egingo du. Bahiketaren ondorioak uste baino garrantzitsuagoak izan daitezke, epe laburrean Ameriketako Estatu Batuetako presidente Dwight David Ike Eisenhowerrek Espainia bisitatu behar baitu. Argumentu horrekin hasiko da gaur El ministerio del tiempo telesailaren hirugarren denboraldia; La1k emango du, 22:40an. Uda aurretik ikusi ahalko dira denboraldiko atal batzuk, uda partean atsedenaldi bat egingo dute, eta irailean atal sorta berria iritsiko da. Emanaldi horiek amaitzean, Netflix plataformak 190 herrialdetan eskainiko ditu telesailaren hamahiru atal berriak. Mundu osoan ikusiko da, horrenbestez, Hitchcock Donostian nola zebilen.
Iaz, zalantza batzuk izan ziren telesailaren jarraipenaren inguruan. Baina RTVEk akordio bat egin zuen Netflixekin, eta horri esker fikzioa aurrekontu handiagoarekin egin ahalko dute.
Ez da izango Hitchcockena zinemari lotutako erreferentzia bakarra denboraldi berrian. Ataletako batean, Luis Buñuel zinemagilea 1961eko Cannesko jaialdian agertuko da, Viridiana filmarekin sari nagusia irabazteko aurreko egunetan.
Telesailaren sortzaile nagusiak Pablo eta Javier Olivares dira. Aurreko denboraldietan bezala, Marc Vigil izango da zuzendari nagusia, Abigail Schaafen, Jorge Doradoren eta Ignasi Tarruellaren laguntzarekin. Atal berrietarako, dena den, hainbat zinemagile gonbidatu dituzte, atalei estilo bereizgarria emateko. Tartean dira Bilboko bi zuzendari: Koldo Serra (Gernika) eta Oskar Santos (Zipi y Zape). Beste zinemagile gonbidatu batzuk Gabe Ibañez (Automata) eta Miguel Alcantud (Diamantes negros) dira. Aktore berrien artean, berriz, Jose Angel Egido —Hitchcocken rolean—, Belen Fabra, Macarena Garcia, Maria Adanez eta Pedro Casablanc egongo dira.
Unibertso transmedia
RTVEk estrategia transmedia bat jarri du martxan El ministerio del tiempo telesailarekin. Esate baterako, gaur RTVE.es webgunean maratoi bat eskainiko dute, 11:00etatik aurrera, protagonisten atal gogokoenekin eta aktoreei egindako elkarrizketekin. Telesailak gailu eramangarrietarako aplikazio propioa du —telebistako emankizunaren aldi berean informazio gehigarria emango du—. Radio Nacionalekin elkarlanean, lau ataletako podcast bat egin dute (rtve.es/unallamadaatiempo). Sare sozialetan soslai aktiboak dituzte, eta Whatsappeko talde bat ere badaukate. Komiki bat ere argitaratu dute.
AEBetan antzeko telesail bat dago: Timeless. Espainiako telesailaren ekoizleek salaketa jarri zuten, plagioa leporatuz. Baina akordio bat lortu dute, eta ez dute epaiketarik egingo, eta Timeless-ek emisioan jarraitu ahalko du.
Hitchcock Donostian, 'El ministerio del tiempo' telesailaren itzuleran
Gaur hasiko da denboraldi berria. Koldo Serra eta Oskar Santos zuzendari gonbidatuak dira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu