2011-2012ko denboraldian 26 atal egin ostean, bihar amaituko du sasoia ETB1eko Hitzetik hortzera bertsolaritza programak (21:00). Udazkenean itzuliko da, baina ez dute zehaztu zer hilabetetan.
Bartzelonan grabatutako programa berezian Agin Rezola, Igor Elortza eta Jone Uria izango dira protagonistak. Bartzelonako Euskal Etxeak antolatutako Bertso-Soparra nola joan zen ikusi ahalko da. Rezolak eta Elortzak Uriari jarritako gaiei kantatu zieten. Bertsoaldi onenak eta hiru bertsolariekin egindako elkarrizketak emango dituzte. Jone Uria udazkenetik bizi da Bartzelonan, eta bertso jarrien bidez erakutsiko du hiria. Horrez gainera, Sants auzoko Borinots Castellers taldeko kide ere bada Uria, eta Kataluniako tradizio horrenbarrunbeak erakutsiko dituzte bertsotan.
Kantu inprobisatuak gero eta indar handiagoa du Herrialde Katalanetan. Hala, Milena Rafols, Lluis Gracia, Christian Simelio eta Farriol Macip glosadoreek bazkaloste batean egindako jarduna eta eurekin egindako hizketaldia emango dituzte.
Bertsoak dantzatuz
Biharko saioan Errimak oinetan ikuskizunaren berri emango dute. Haatik konpainiak, Unai Elizasuk tentatuta, bertsoak dantzatzeari ekin dio. Aiert Beobide, Garazi Lekuona, Onintza Odriozola, Gotzon Poza eta Maitane Mujika dira dantzariak, eta euren entseguetan sartu dira kamerak. Ekainaren 2an estreinatuko dute ikuskizuna Leioan.
Zapping atalean, bestalde, Pomada taldeko Carles Beldak eta Helena Casasek Euskal Herrira egindako bisita oroituko dute. Bilborock aretoan Jexux Mari Irazu eta Maialen Lujanbiorekin batera saio berezia egin zuten Kataluniako taldeko kideek.
Komunikazioa
'Hitzetik hortzera'-ren denboraldiko azken saioa Bartzelonan grabatu dute
Bihar, 21:00etan, Jone Uriak, Agin Rezolak eta Igor Elortzak Katalunian abestutako bertsoak izango dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu