Ibaiei buruzko dokumentalak emango ditu ETB1ek, urritik aurrera

ETB2 abuztuan hasi zen ematen 'Ni, ibaia' entziklopedia. Labrit Multimediak egin ditu lanak

Yo, el Arga dokumentala hilaren 23an emango du ETB2k. LABRIT MULTIMEDIA.
urtzi urkizu
2017ko irailaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Labrit Multimedia ekoizpen etxeak ekoitzi eta Gaizka Arangurenek zuzendutako Ni, ibaia dokumentalen entziklopedia ematen hasi da ETB2 katea. Orain arteko hiru emankizunak larunbat goizean izan dira, 09:00 aldera. Abuztuan, Ebro eta Bidasoa ibaiei buruzko lanak eman zituen kateak, eta, aurreko larunbatean, Aragon ibaiari eskainitakoa. Bihar goizean, berriz, Zidakos ibaiaren inguruko lana ikusi ahalko da; hilaren 16an, Urumeari buruzkoa; hilaren 23an, Argari eskainitakoa; eta hilaren 30ean, Ega ibaiaren ingurukoa. ETBko iturriek azaldu dutenez, ETB1en urritik aurrera emango dituzte dokumental horiek guztiak, euskaraz. Ordutegia ez dute zehaztu.

Dokumental bakoitzean, ibaia bera lehen pertsonan mintzo da. Ibaiak zeharkatzen dituen bazterretako biztanleei hitz egiten die, inguratzen duen faunari eta florari egiten die erreferentzia, eta bisitariei ere egiten die keinurik. Modu horretan, dokumental bakoitzean ibaiak zeharkatzen dituen eskualdeetako natur paisaiak, kultura eta biodibertsitatea erakusten ditu, gizakien eta uraren arteko harremanean konponbideak proposatzeaz gain.

Zazpi atalez osatutako entziklopedia Crana fundazioak, NIK-GAN elkarte publikoak eta Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak sustatu dute, eta La Caixa fundazioak diruz lagundu du. Urumea ibaiari buruzko dokumentalak Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere jaso zuen.

Aranguren bera herriz herri ibili da azkeneko urteetan, entziklopediako dokumental batzuen proiekzioak egiten.

Bihar goizean, Nafarroako Zidakos ibaiaren gorabeherak ezagutuko dituzte ETB2ko ikusleek; Alaitz mendilerroan jaio, eta Tafalla eta Erriberri zeharkatzen ditu Zidakosek. Errioxan (Espainia) izen bereko beste ibai bat dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.