Komunikazioa

Iban Bengoetxeak 'Harian' erreportaje saioa aurkeztuko du bihartik ETB1en

Espainiako Kopako Mirandes-Athletic finalerdiari buruzkoa izango da aurreneko erreportajea (22:10)

urtzi urkizu
Donostia
2012ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Gaur-gaurko gaiei lotutako erreportaje saio bat estreinatuko du bihar ETB1 kateak: Harian. Igandero emango dute, 22:10ean, eta «euskaldunei interesatzen zaizkien gaiak» gertutik ezagutarazteko asmoa dute. Horretarako, Euskal Herriko txoko guztietara iristeko nahia azaldu dute programako arduradunek.

Iban Bengoetxea Ondarroako kazetaria izango da saioko aurkezlea. ETBko Hitzaro saioan aritu zen garai batean Bengoetxea. Erlo telebistako arduraduna izan zen. Eta azkenaldian Euskadi directo saioan berriemaile lanetan ibili da. Hain zuzen ere, Euskadi directo egiten duen ekoizpen etxearena da Harian saioaren proiektua: Proyeccion etxearena.

Ana Quintana kazetaria da saioaren zuzendaria. Erredaktore lanetan, berriz, Joana Lasheras ariko da; azken urte eta erdian Anitzele saioan aritu da. Ekoizlea Beatriz Manzanares da.

Bihar, aurreneko erreportajean, Athleticen eta Mirandesen arteko Kopako finalerdia izango dute hizpide. Bi taldeetako zaleen iritziak jaso dituzte Harian-eko kamerek. Datorren asteartean San Mamesen jokatuko den itzulerako partidari begira zaleeen ilusioak eta sentipenak zertan diren ikusi ahalko da erreportajean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.