Ai Ama! estreinatuko du otsailean ETB1 kateak, entretenimendua eta ikuskizuna ardatz izango dituen saioa. Iban Garate (Azkoitia, Gipuzkoa, 1982) izango da programako aurkezlea, eta gauero gonbidatu bat izango da platoan. Astelehenetik ostiralera emango dute, 21:00etatik 21:30era; ostiraletan asteko unerik onenak laburbilduko dituzte.
K2000 ekoizpen etxea ari da saioa prestatzen, Miramongo egoitzan. Hala, Miramonen Klaudio Landaren Ni más ni menos magazina egiten duten plato berean egingo dute saioa. Asmoa magazin berria zuzenean egitea da. Elkarrizketatuak ezagunak izango dira, eta saioaren ikuskizunean parte hartuko dute.
K2000 ekoizpen etxeak 2011. urtean Arratsaldero eta Anitzele programak egiten zituen ETB1en, eta biak programaziotik kentzea erabaki du ETBko zuzendaritzak.
Ai Ama! magazin berriak Maddalen Iriarteren Azpimarra saioak betetzen duen ordutegia hartuko du. Horrenbestez, litekeena da Azpimarra ordutegiz aldatzea.
Iban Garate Ai Ama!-ko aurkezlea ETBko hainbat saiotan aritu izan da aurkezle lanetan, besteak beste, Betizu-n, Errazu-n eta Ipupomamua-n. Aktore ere aritu zen Martin telesailean.
Komunikazioa
Iban Garatek 'Ai Ama!' magazina aurkeztuko du gauero ETB1en
Otsailean estreinatuko dute saio berria, eta astelehenetik ostiralera emango dute, 21:00etatik 21:30era
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu