Input nazioarteko konferentziaren antolakuntzan parte hartuko du datorren urtean Mauricio Vera Sanchezek (Pereira, Kolonbia, 1972). Arretaz erreparatu die asteon Bilboko Euskalduna jauregian egin dituzten jardunaldiei.
Zer iruditu zaizu Bilboko konferentzia?
Bigarren aldia da Input konferentziara joaten naizena. Iaz Charlestonen izan nintzen, AEBetan. Nire asmoa da ikus-entzunezko edukiak arautzearen gaia Input konferentziaren parte izatea. Inputen edukiak bere hartan eztabaidatzen dira, baina, edukiak existitu daitezen, baldintza zabalago batzuk bete behar dira telebista publikoetan. Funtsean, eduki horiek gizartean funtzio bat bete dezaten, formatuetan berrikuntza izan dadin... beharrezkoa da politika publikoa. Baita arautzea ere. Kontuan hartu behar da arautzeak babestu egiten duela halako edukiak egotea. Sustatu egin behar da, babestu bezainbeste.
Datorren urtean Kolonbian egingo da Input. Itxaropentsu?
Oso pozik nago. Aukera oso ona izango da gure herriarentzat, Inputeko hausnarketetan jarraitzeko. Aukera emango digu beste eragile batzuekin eztabaida sakonak izateko. Telebista kateekin, ekoizleekin eta banatzaileekin harremanean arituko gara, baita zerbitzu publikoak finantzatzen eta arautzen dituzten erakundeekin ere. Edukien babes publikoa ere behar da.
Horrek ez du esan nahi aski dela haurrak babestea, ezta?
Ez, egiturazko kontu bat da. Babesa zentsurarekin interpretatzen da sarri, baina ez da hala. Babes neurriak hartzea zentsuraren kontrakoa da. Telebista publiko batek pluralismoa sustatu behar du edukietan eta informazioan, eta horrek adierazpen askatasuna laguntzen du. Sistema publikoak aktore asko izan behar ditu, eta pluralismoaren muinean bestearekiko harremana dago. Desberdina eta hauskorra den beste horrengan. Indigenak, LGTBI kolektibokoak, desgaitasunak dituztenak-eta aintzat hartu behar ditu sistema horrek.
«Hedabide publikoek ahotsen aniztasuna erakutsi behar dute: herri baten ahots etniko, politiko, sozial eta kultural guztiak islatu behar dituzte»
Kolonbiari dagokionez, telebista publikoak zer bide hartu du azkeneko urteetan?
Kolonbiako telebista publikoa egonkorra izan da. Hedabide nazionalen sistema indartsu dago. Baina duela gutxi arte, telebista publikoa bereziki hezkuntza eta kultura edukiez arduratu da, eta ez hainbeste kazetaritzakoez. Beste herrialde batzuetan informazioak eta albistegiek toki garrantzitsua dute kate publikoetan, eta Kolonbian ez dugu horrelakorik izan. Azkeneko urteetan informazio sistema bat ezarri da. Horrek erronka bat dakar, baina abantailak ere baditu. Abantailen artean zera dago, informazioa ikuspegi publikotik eskaintzea. Arriskua da gobernuaren presentzia oso handia egon daitekeela informazio edukietan.

Nolakoa behar luke kate publikoetako kazetaritzak?
Komunikatzaile sozial gisa, nire iritzia da independentzia ezinbesteko konbikzioa dela informazio pluralismoari eta hedabideen objektibotasunari dagokionez. Horrek sistema pribatuarentzat zein publikoarentzat balio du. Noski, hedabide publikoetan are gehiago, ahotsen aniztasuna erakutsi behar duelako: herri baten ahots etniko, politiko, sozial eta kultural guztiak islatu behar ditu.
Desinformazioaz eta albiste faltsuez hainbeste hitz egiten den garai honetan, zer rol du telebista publikoak?
Independentzia funtsezkoa da. Muga ezarri behar zaie interes politiko zehatzei. Informazioaren eraikuntzan, ikuspegi desberdinak eskaini behar ditu telebista publikoak. Esan ohi da telebista publikoa denena dela.
Baina zer esan nahi du horrek zuretzat?
Herritar guztiek ikusi behar dute beren burua islatuta kazetaritza edukietan. Joera politikoak murriztu egin behar dira, herritarrek informazioa modu zabalean jaso dezaten, ikuspuntu guztiekin, eta horren arabera har ditzaten erabakiak.
«Nazioartean narratiba bat sortu zen, narkotrafikoari oso lotua. Garai batean hausnarketa kritiko oso gutxi egiten zen narkotrafikoak gizartean izan duen eraginaz»
Fikzioari dagokionez, klixeak egon izan dira Hego Amerikako foiletoien bueltan. Zer ekarpen egin dezake Kolonbiako fikzioak?
Ekarpen handia. Mexiko-Kolonbia-Argentina ardatza melodrama klasikoarekin eraiki zen. Kolonbian, 1980ko hamarkadan telesail batzuk sortu ziren narkotrafikoaz hitz egiten hasi zirenak, eta nazioartean narratiba bat sortu zen, narkotrafikoari oso lotua. Garai batean, hausnarketa kritiko gutxi egiten zen narkotrafikoak gizartean izan duen eraginaz.
Apropiazio kulturala toki askotan gertatzen da fikzioaren bidez.
Bai, horrek formula komertzial batzuk izaten ditu. Kontua da apropiazio kulturala sarri gertatzen dela edukiak jasotzen dituzten herritarrekin. Horregatik, garrantzitsua da alfabetizazio mediatikoko mekanismoak sortzea, hedabideen kontsumo kritikoa egin dadin. Telesail bat edo film bat eman daiteke, ados, baina nola egiten dugu herritarrek tresnak izan ditzaten haien testuinguruaren jabe izan daitezen? Hor beste eremu batzuk sartzen dira: familia, hezkuntza... Eta halakoetan edukien irakurketa kritikoa egin behar da. Pablo Escobarren telesail bat ikusten dutenean, ikusleek jakin behar dute herrialde osoa ez dela horrelakoa.
Adimen artifizialak nolako erronkak ekarriko ditu?
Handiak. Ikus-entzunezko edukien ekoizpenetan lagundu dezake, baina arriskuak ere ugariak dira. Arautze kontuak ere garrantzitsuak izango dira arlo horretan. Bestetik, hizkuntza itzulpenetan aurrerapen handiak ekar ditzake adimen artifizialak, eta aukera ona izan daiteke hori. Argi dago lan kate osoan izango duela adimen artifizialak eragina. Funtsezkoa iruditzen zaidana da herritarrei jakinaraztea eduki batean adimen artifiziala erabili ote den; kasurako, kazetaritza lan bat adimen artifizialak egina baldin bada. Gardentasun etikoa behar da.