Aurreko astean, Lo Hacemos lemarekin jendartearen parte hartzea eta teknologiaren inguruko jardunaldiak egin ziren Bilbon. Gauza interesgarriak egon ziren, baina baita abstrakzio asko ere, eta urrun sentitu genuen guztiz gazteleraz izan zen ekitaldia bera. Hala ere, bertan egon ginen euskaldunok ekarpen eta galdera asko egin genituen, parte hartze fisiko zein digitala oparoa izan zen; beharbada, oparoena. Hemen gauzak pentsatu eta egiten ditugula uste dut, urrunegi joan gabe parte hartzea lantzen duten zenbait proiektu badira.
ArreglaMicalle (http://arreglamicalle.com) proiektua, adibidez, herritarrek beraien kaleetan aurkitzen dituzten arazoak detektatu eta agintariei konpontzeko eskariak bideratzeko tresna da. Proiektu interesgarria eta parte-hartze mota baten adierazpide. Jendearen parte hartze eskasa da arazoa, beraiek azaldu zuten bezala. Batzuetan tresnak egin, baina jendeak ez du parte hartzen,eta hor eztabaida bat ere badago.
Beste proiektu interesgarri bat Bilboko Kirol Patronatuak (http://bilbaokirolak.com/eu/zerbitzuak/parte-hartu-bk-2.0-n) ideiak proposatzeko erabiltzen duen gunea da. Gune horren bidez jendeak proposamenak bidali, eta parte-hartze sistema baten bidez onartu edo baztertzen dira. Nolabait, erabiltzaile eta kudeatzaileen arteko harremana lantzen duen parte-hartze mota.
Beste mota bateko parte-hartzea bada Getxon Egizu euskara elkarteak sortutako Beharsarea ere (http://beharsarea.net). Tresna horren bidez, pertsonen arteko hartu-emana sustatzen da, lana bilatu eta aurkitzeko. Hori bai, tresna ez da lana bilatzeko tresna hutsa soilik, euskaraz lana topatu eta sustatzea bilatzen du. Nolabait jendartearen benetako behar bati erantzuten dio, lana topatzearena eta euskarak hor era erabakigarri batean garrantzia duela frogatzea.
Hiru tresna, hiru adibide xume, hemen eginak. Hala ere, parte hartzeaz ari garenean erabakiak hartzeko gaitasuna duten tresnak izango dira erronka; parte hartzeak bere kasa baliorik ez duelako. Parte hartzea benetakoa sustatu nahi badugu, helburu zehatzak, bide egokiak eta erabakitzeko ahalmena izan behar dute pertsonek. Aldi berean, gure artean ere parte-hartze prozesuen eta teknologien inguruan pedagogia ere egin beharko dugu. Uste baino gutxiago egiten dugu, aretoetako lehen lerroa hutsik uzten dugun bezala.
Komunikazioa. Irlen sarea
Ingo al deu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu