Juan Carlos Etxeberria kazetari eta aurkezleak gidatutako El Dilema saioa estreinatuko dute gaur, 22:10ean, ETB2n. Elkarrizketak eta solasaldia izango ditu ardatz, eta zuzenean egingo dute. «Elkarrizketa eta solasaldi saio asko daude. Guk ez dugu eztabaida hutsal bat egin nahi. Benetan mamitsua izango den saio bat egitea da gure helburua», azaldu du Etxeberriak. Lantaldearen asmoaren erakusgarri da saioak izango duen lehen gonbidatua: Iñigo Urkullu lehendakaria elkarrizketatuko dute. «Lehendakaria lehenengo gonbidatua izateak ikus-entzuleari pista bat ematen dio saioa nolakoa izango den». Bi ordu eta erdi inguru iraungo du.
Saioa Martija ETB1eko asteburuetako Gaur Egun-eko aurkezlea izango du Etxeberriak bidelagun. Martijak telefono deiak hartu, erreportajeak aurkeztu eta eztabaidagai duten gaiari buruzko informazio osagarria emango du.
Telebistan eztabaida saioak bolo-bolo daude azkenaldian. «Euskarri merkea da», dio Etxeberriak. Euskarri horren barruan hamaika estilo eta erregistro daudela dio kazetariak. «Guk ez dugu platoa oilategi bat izatea nahi. Ez dugu debaldeko solasaldirik egin nahi».
Gaur-gaurko gaiak modu landu batean jorratzea dute helburu. Denetariko gaiak jorratuko dituztela dio Etxeberriak. «Politikatik harago joateko asmoa dugu». Horretarako, egitura malgua izango du saioak, eta denbora eta informazioaren beharretara egokituko dira.
Urkullu lehendakaria elkarrizketatu ondoren, solasaldia gidatuko du Etxeberriak. Zortzi solaskide bilduko dira mahai ingurura, eta eguneko gaiak izango dituzte eztabaidagai. Ahots guztiek eta denetariko ikuspegiek parte hartuko dute, euskal gizartearen iritziak biltzea baitute xede. Horrez gain, platora gerturatuko diren ikus-entzuleek ere izango dute eztabaidan esku hartzeko aukera. Haiek bizitako testigantzak eta iritziak eman ahalko dituzte.
Barcenas auzia-ri begira jarriko dira gaurkoan. Denboraren arabera, beste gai batzuk ere jorratuko dituzte; Iruñeko sanferminetako entzierroak oihartzun handia dute egunotan, eta animalien tratu txarren inguruko beste solasaldi bat egingo dute. Horrez gain, Francisco Etxeberria antropologo forentsea gonbidatuko dute saiora. Breton auzi-ko ikerketan parte hartu zuen auzitegi medikuak. «Ez dugu soilik Breton auzia-ren inguruan hitz egingo. Beste kontu batzuk ere jorratuko ditugu».
Ahal duten guztietan, adituak gonbidatuko dituzte, saioari balio erantsia emate aldera. «Pertsona interesgarriak ekarriko ditugu; ez da edonor etorriko». Saioa zuzenean egingo dute, eta hizpide izango duten gaiaren inguruko erreportajeak, bideoak, erreakzioak eta beste ere eskainiko dituzte.
Udako ostiral gauetan emango dute saioa. «Ordutegi zaila», Etxeberriaren hitzetan. «Seriotasun eta sakontasuna edukitzeak ez du zergatik aspergarria izatea esan nahi. Gainera, uste dugu telebista publiko batek izan beharko lukeen erregistroarekin bat datorrela». Telebista eskaintzaren barruan gisa horretako saio baten falta sumatu dute.
«Zuzeneko adrenalina»
Teleberri albistegiak bederatzi urtez aurkeztu ondoren, 2009an utzi zion Etxeberriak zuzeneko saioak egiteari. 60 minutos saioa aurkeztu du denboraldi honetan, baina zuzenekoa faltan botatzen zuela dio. «Zuzenekoak badu xarma berezi bat. Pertsonalki asko gustatzen zait zuzeneko adrenalina hori, eta pozgarria da oso niretzat zuzeneko saio bat egitea».
Komunikazioa
Iñigo Urkullu elkarrizketatuz hasiko dute gaur 'El Dilema' saioa ETB2n
Elkarrizketak eta eztabaidak ditu ardatz saioak; Juan Carlos Etxeberriak eta Saioa Martijak gidatuko dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu