Prentsa askatasuna «inoiz baino larriago» dago

Mugarik Gabeko Kazetariek urteko txostena argitaratu dute. Sailkapenean, Eritrea ageri da azkeneko tokian. Lehen tokian —ondoen dagoenaren postuan—, Norvegia dago. Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Eguna izango da bihar.

Hossam Xabat kazetariaren omenezko protesta, Jerusalemen, martxoaren 25ean. AHMAD AWAD / EFE
Hossam Xabat kazetariaren omenezko protesta, Jerusalemen, martxoaren 25ean. AHMAD AWAD / EFE
urtzi urkizu
2025eko maiatzaren 2a
11:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Mugarik Gabeko Kazetariak taldea 2002an urteko sailkapena egiten hasi zenetik, prentsa askatasuna «inoiz baino larriago» dago mundu osoan. Hala plazaratu du gaur erakundeak. «Komunikabideak harrapatuta daude independentzia bermearen eta finantza iraupenaren artean». Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Eguna da bihar, eta bezperan argitaratu dute txostena.

Elena G. Viscasillas Mugarik Gabeko Kazetarien bozeramaileak adierazi du aztertu dituzten herrialdeen erdietan txarrak direla kazetaritza egiteko baldintzak, eta soilik lau herrialdetik bat dagoela ondo. Erakunde horrek nabarmendu du, era berean, Google, Meta, Apple, Amazon eta Microsoft konpainia handiek kontrolatzen dutela publizitate merkatua. Haien publizitate sarrerak %14 handitu ziren 2023tik 2024ra. «Eta egoera horrek kalte are handiagoa egin die komunikabideei».

Anne Bocande Mugarik Gabeko Kazetarien zuzendari editorialak egoeraren larritasunaz ohartarazi du: «Independentzia ekonomikorik gabe, ez dago prentsa askerik. Komunikabideak ekonomikoki ahulak direnean, audientzia lortzeko lehian murgiltzen dira kalitatearen kaltetan. Horrez gain, oligarken eta arduradun politikoen menpe gelditzeko arriskua dute».

Aurtengo txostenak jasotzen duenaren arabera, 46 herrialdetan hedabideen jabetza oso kontzentratua dago esku pribatuetan edo estatuan. Hori bera kezka iturri da sailkapenean postu onetan dauden herrialdeetan ere: Finlandian (bosgarren postua), Kanadan (21. postua) eta Australian (29. postua). Urteroko sailkapenean, Norvegia da lehen tokian; aurreneko hamabost postuetan Europako herrialdeak daude. Azkeneko tokian, berriz, Eritrea ageri da. «Munduko 42 herrialdetan —munduko populazioaren %56,7 haietan dago—, prentsa askatasuna oso larri dago».

Palestinako berrehun kazetari hil dituzte

Mugarik Gabeko Kazetarien arabera, aztertu dituzten 180 herrialdeetatik 160tan komunikabideek ez dute lortzen finantza egonkortasunik. Hiru herrialdetik batean, etengabe ari dira hedabideak ixten diru faltagatik. «Hala gertatzen ari da Ameriketako Estatu Batuetan, Argentinan eta Tunisian, adibidez».

Palestinan egoera «desastre hutsa» dela salatu dute Mugarik Gabeko Kazetariek. Azkeneko hemezortzi hilabeteetan, Israelgo armadak Palestinako berrehun kazetari baino gehiago hil ditu. «Israelek erabateko blokeoa ezarri du, kazetariak hil eta erredakzioak suntsitu ditu». Sailkapenean 163. tokian da Palestina.

Nahiz eta ez dituzten hainbeste kazetari hil, prentsa askatasunaren ikuspuntutik okerrago ageri dira sailkapen horretan Bielorrusia, Iran, Myanmar, Sudan, Azerbaijan, Errusia, Afganistan eta Txina, besteak beste.

Hego Amerikan, esanguratsua da Brasilek nabarmen egin duela hobera: 47 postu egin du gora sailkapenean bi urtean, Jair Bolsonarok agintea galtzearen eraginez —63. tokian da orain—. Argentinak, berriz, okerrera egin du Javier Milei presidente denetik: 47 postu galdu ditu, eta 87. tokian da orain.  

Ameriketako Estatu Batuek hamabi postu egin dute behera azkeneko bi urteetan. Mugarik Gabeko Kazetarien arabera, AEBak «depresio ekonomikoaren liderrak» dira. Hedabide batzuk itxi egin dituzte, eta, ondorioz, herrialde horretan ugaritu egin dira «informazio basamortuak».

Bocande erakundeko ordezkariak nabarmendu du beharrezkoa dela kazetaritzaren alde jardungo duen hedabide ekonomia bat ezartzea. «Kazetariak pobretzen direnean, baliabiderik gabe gelditzen dira desinformazioaren eta propagandaren pregoilariei aurre egiteko. Hedabideen ekonomiak egonkorra izan behar du, informazio fidagarria bermatua egon dadin eta ekoizpena ez dadin izan garestiegia. Neurri handiko konponbideak ezarri behar dira». Arlo horri garrantzi handia ematen dio Bocandek. «Independentzia ekonomikoa hil ala biziko baldintza da interes orokorreko informazio aske eta fidagarria bermatzeko».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.