Komunikazioa. Irlen sarea

Internet, etorkizun handiko arma

gorka julio
2011ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
G8koen goi bileran, krisi ekonomikoa, krisi nuklearra eta halako gaiak ez ezik, Internet ere jorratu nahi izan dute. Garrantzi handia eman nahi izan diote, Internetek azkenaldian jendea harremanetan jartzeko erakutsitako gaitasuna dela eta. Badirudi eskuetatik ihes egin dien zerbait dela, eta orain arte saioak egon badira ere iritsi dela momentua zerbait egiteko.

Internetek erakutsi dituen aukerak sare horretara konektatzeko erraztasuna du oinarri. Bertara konektatzeko ez da baimenik behar, eta bertako gailuek beren artean ulertzeko beharrezko dituzten protokoloak ere libreak dira. Bere egitura banatua pentsatu zenetik, Internet kontrolaren eta batez ere errore baten aurrean funtzionatzen jarraitzeko pentsatua izan zen. Horrek ez du esan nahi zenbait erakunde publiko zein pribatu saiatuko ez direnik.

Aipatutako G8koen bileraren aurretik, Nicolas Sarkozy Interneteko pertsona garrantzitsuekin bildu zen: Mark Zuckerber (Facebook), Jimmy Wales (Wikipedia), Eric Schmith (Google)... Interneten egoera aztertu eta ondoren G8koen bileran aztertuko ziren zenbait proposamen bildu zituzten. Mota eta arlo askotako jendea badago ere eta Facebookek eta Wikipediak erabat filosofia ezberdina izanda ere, denak dira tresna erraldoiak. Jendeak sortu eta erabilitako tresna erraldoiak, horiek gabe ezer izango ez liratekeenak, baina horiei esker G8koen mintzaide papera irabazi dutenak haien aurrean.

Hala ere, ez nuke enpresa horien filosofietan zentratu nahi, baizik eta zergatik deitu dituzten horiek. Badirudi bilatzen dituzten helburuen artean jabetza eskubideen ustiapena kontrolatzea dela bat, eta bigarrena, Interneten kontrol neurri handiagoak ezartzea. Hori lortu ahal izateko, erakunde horien laguntza behar dute, nahiz eta Internet kontrolatzeko zaila izan, azken urteetan gure jarduna tresna horietan zentralizatu dugulako. Wikipedian, Googleko emaitzetan, Facebookeko orrietan zer azaldu edo ez erabakitzeko eskubidea berreskuratu nahi dute estatuek.

Tresna txikikiagoak eta egokituagoak erabiltzen hasteko aukera ere hor dago. Oraingoz, erabaki zail horiek hartzera batzuk bakarrik ausartuko dira, eta oraindik aukera bat besterik ez dira. Baina, egoera ikusita, behar bilakatuko ez diren pentsatzen hasi beharra dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.