Nazio Batuen Erakundeak Internet oinarrizko eskubide gisa identifikatu du. Horren arabera, Interneterako sarbidearen ukapena giza eskubideen urraketa bat da, eta Nazioarteko Zuzenbidearen aurkako eraso moduan identifikatzen du. NBEk, adierazpen horrekin, Interneteko atzipena interes komertzialen eta industrialen aurretik jarri du.
Aldi berean, informeak Interneten izaera berezia eta eraldatzailea azpimarratzen du. Ez bakarrik pertsonek beren iritzi eta adierazpen askatasuna defendatzeko tresna moduan, baizik eta inplizituki beste giza eskubide batzuek defendatzeko tresna moduan ere, eta, oro har, gizartearen garapena ziurtatzeko tresna bezala identifikatzen du.
Albistea oso ona da, batez ere azken aldian legedi aldetik aplikatzen ari ziren neurri murriztaileak kontuan hartzen baditugu. Hala ere, ezerezean gelditzea nahi ez badugu, adierazpen hau errealitate bihurtzeko bideak ezarri beharko dira:
Interneteko sarbidea mugatzen duten neurriekin amaitu: Lehenik eta behin, adierazpen honen aurka azaltzen diren legedi eta ekimen guztiak geldiarazi beharko dira. Hadopi eta Sinde legeak adibidez, eta, beste maila batean, AEBetako ACTA eta Internet Switchen gisako ekimenak.
Eskubide horiek ziurtatzen dituzten legediak garatu: Adierazpen horiek legedi eta tresna juridiko bidez definitzea beharrezkoa da. Horiei esker, eskubide horien aitortzaz gain, betearazteko bideak martxan jartzen dituztelako.
Adierazpen hori errealitate bihurtuko duten bideak ahalbidetu: Aitortza inoiz ez da nahikoa, baldin eta benetan eskubide horiek gauzatzeko aukera ez badago. Legedietatik harago, Interneteko sarbide unibertsala bermatuko duten erabakiak hartu behar dira. Giza eskubide orotan bezala, klase, sexu, etnia, nazionalitate... independente izan behar badute.
Aipatutakoaz gain, adierazpen horrek batez ere bi gauza ekartzen ditu aditzera. Lehenengoa, orain arte giza eskubide moduan ezagutu ditugun hirugarren mailako eskubideek berrikuntzak behar dituztela —batzuek 4. mailako giza eskubideak deitu izan dituzte—. Bigarrena, horiek errealitate bihurtzeko eraldaketa sakonak eman behar direla, lege- dietan benetan gauzatu ahal izateko. Bestela, orain arte NBEk egindako adierazpen asko bezala, hutsean geratuko dira.
Komunikazioa. Irlen sarea
Interneteko sarbidea, oinarrizko eskubide
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu