Ukitzen diren albisteak, 360 graduko argazkiak, goi bereizmeneko bideoak, audioak eta sare sozialetara hatz batekin bidal daitezkeen albisteak. Goizero albisteak jasotzeko modu berri bat eskainiko du The Daily-k,iPad gailurako propio sortutako aurreneko egunkariak. Egunkaria irakurtzeko, iPadaren erabiltzaileek astean 0,72 euro ordaindu beharko dituzte; aurreneko bi asteetan doakoa izango da.
New Yorkeko Guggenheim musoean egin zuten atzo The Daily-ren aurkezpena. Rupert Murdochek azaldu zuen egungo gazteek ez dituztela egunkari tradizionalak irakurtzen, baina komunikabideak kontsumitu bai. «Tableten garaian, konbentzituta nago ahots fresko eta sendo baterako lekua dagoela».
Applek 14,8 milioi iPad saldu ditu iazko apiriletik. Eta Murdochek espero du iPaden erabiltzaileak 50 milioitara iritsiko direla datorren urtean. Murdochentzat «negozioa egiteko aukera berri bat» da iPada eta The Daily.
100 langileko taldea
News Corporation taldeko proiektu berriak 30 milioi euroko aurrekontua izan du martxan jartzeko. Ehun langileko taldea izango du. Baina, Murdochen arabera, papera ez egoteak kostu batzuk desagerrarazi ditu: inprentak, banaketarako kamioiak... «Aurrezpen horiei esker, egunkaria irakurleari egunero 14 zentaboren truke eskain diezaiokegu».
Argitalpen berriarekin milioika pertsonarengana iritsi nahi dute. «Gure helburuak handiak dira, eta kostuak txikiak», esan zuen Murdochek.
Multimedia interaktibitateari garrantzia eman nahi dio proiektu berriak. Hala, irakurleek hatz batekin bidal ditzazkete albisteak Facebookera, Twitterrera edo posta elektronikora. Baita iruzkinak egin ere. Kirolen sailean, bestalde, norbere talde kutunaren arabera pertsonaliza daiteke informazioa, estatistika eta argazki ugari eskura izanik.
Appleko ordezkari Eddy Cuek esan zuen iPadaren erabiltzaileak albiste kontsumitzaile handiak direla eta The Daily-rekin asko gozatuko dutela. Beste argitalpen batzuen harpidetzen inguruan galdetuta, Cuek esan zuen aurki berrikuntzak izango direla alor horretan.
The Daily-ren lehen zenbakiak ikusmin handia piztu zuen atzo Interneten. Azalean Falling pharaoh (Faraoiaren erortzea) irakur zitekeen, Egiptoko gertakarien gaineko erreportaje baten aurrerapen gisa.
Komunikazioa
iPaderako aurreneko egunkaria
Rupert Murdochen News Corporation taldeak 'The Daily' jarri du martxan, tabletarako propio sortutakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu