Eten luze baten ostean, larunbat honetan itzuliko da ETB1eko programaziora Ipupomamua haur literatura zabaltzeko asmoa duen saioa. Hamahiru atal berri egin ditu On Time ekoizpen etxeak, eta larunbatetan emango dituzte, 21:00etan.
Aurreneko denboraldian bezala, astero gai baten inguruko ipuinekin bueltaka ariko dira. Bi atal berezi ere egingo dituzte: bata, larunbat honetakoa, Bernardo Atxaga idazlearen ingurukoa; Atxagak berak asmatutakoa da Ipupomamua hitza. Eta bigarrena, aurrerago emango dutena, Gipuzkoako historiaren inguruan Elkarrek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak prestatu duten bildumari buruzkoa.
Kolaboratzaile berriak
Programak hainbat aldaketa eta berrikuntza izango ditu, tartean aurkezle berri bat: Iban Garate (Azkoitia, Gipuzkoa, 1982) izango da, Nagore Aranburu eta Aitziber Garmendiaren lekukoa hartuz. Garatek hamaika saio aurkeztu ditu ETBrako, eta aktore lanetan ere ibili da.
Adituei dagokienez, Andres Gostin irakasle eta kazetaria zinemari buruz ariko da, Xabier Unanue Euskadi Irratiko esataria bideojokoen inguruan mintzatuko da eta Aitziber Alonsok hartuko du Manu Muniategindikoetxeak ilustratzaile lanetan utzitako lekua.
Ipupomamua telebista saioaren ideiaren sortzailea Anjel Alkain da. Irakurtzea, idaztea eta marraztea gustuko dutenentzat sortua da programa, eta ahalegin horretan harrera ona izan zuen aurreneko denboraldian.
Horrez gain, ipuinen etxea zabaldu bitartean, Ipupomamua izena eta edukiak gizarteratzeko lanarekin jarraituko dute. Hala, herriz herri Ipupo-kornerra proiektua ibiliko da kontu kontari. Eskolaz eskola ere ariko dira irakurzaletasuna bultzatzen.
Komunikazioa
'Ipupomamua' saioaren bigarren denboraldia larunbatean hasiko da
Iban Garate da programako aurkezle berria, eta aurreneko atalean Bernardo Atxagaz ariko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu