Interneten ibili bazara, behin baino gehiagotan entzungo zenuen Interneteko helbideak agortzen ari direla. Hasieran, Internet sortu zenean, ez zen espero hainbeste gailu konektatzea, eta, beraz, ez zegoen hau aurreikusita. Hasieran, Internet hura 232 IP helbide (4.300 milioi inguru) eskaintzeko pentsatu zuten. IP helbideak gailu batek Internetera konektatzean adjudikatzen zaion 0 eta 255 zenbakien arteko eta puntuz banatutako lau blokez osatutako zifrak dira, xxx.xxx.xxx.xxx itxurakoak.
Aspalditik bagenekien hau gertatu behar zela. Azken urteetako joerei begiratuz gero, eta gero eta gailu gehiago konektatzen ditugunez, helbide hauek erabat agortu dira. Batzuk gelditzen diren arren, hasieran egin zen banaketa txarra eta beste hainbat faktorek ere IPv4 protokolo horren amaiera ekarri dute. Libre dauden IP helbideen kopurua ikus dezakezue, adibidez, helbide honetan: http://ipv6.he.net/statistics/.
Horren ordez IPv6 protokoloa erabiltzen hasi beharko dugu. Migrazio prozesua leku askotan jada eginda badago ere, beste hainbatetan oraindik ez da egin. Horrek, segur aski, hasiera batean zenbait arazo ekarriko ditu, batez ere segurtasun eta erabilgarritasun aldetik. Baina, protokolo honek, aurrekoak zituen zenbait arazo konpontzeaz gain, helbideen arazoa erabat konpontzen du, 2.128 helbide posible eskaintzen baititu.
Honek esan nahi du sarera gailu askoz gehiago konektatzeko gaitasuna izango dugula eta orain arteIP eskasia zela-eta egiten ziren trikimailuak albo batera utzi ahal izango ditugula. Zuzenean gailuek IP helbide bat izan ahal izango dute. Gure telefonok, pda-ek, liburu elektronikoek, ordenagailuek, etxeko garbigailuek... denek IP bat izan dezakete, eta nahi izanez gero IP finko bat. Edo, nahiz eta finkoa ez izan, gailua sarean identifikatzeko aukera emango lioken helbidearen atal bat. Horrek pribatutasunarekiko dituen ondorio guztiekin.
Baina, horretaz gain, IP helbide kopurua handitzean, beharbada sare ezberdinen sorrera ikusi dezakegu. Batzuek oraingo Internet askearen balore libreen aurka luxuzko Internet bat sortzeko grina izan dezakete. Beste batzuek, sareko pribatutasuna eta komertzializazioa ikusita, bere Internet propioa sortzen saia daitezke.Momentuz, Internet librea defendatzen jarraitu behar dugu. Inoiz sortu den esparru libre zabalenak merezi du eta.
Komunikazioa. Irlen sarea
IPv6
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu