ETBko lehen eta bigarren kateak uztailean eta abuztuan izandako gorakada gelditu egin da irailean, eta ikusle kuotak ia puntu bat behera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. %2ko ikusle kuotatik behera geratu da berriro ETB1; %1,9ko kuota eduki du. ETB2 kateak %9,8ko kuota izan du, abuztuan baino puntu bat gutxiago ia-ia —%10,6ko kuota izan zuen—.
ETB-Satek ere behera egin du irailean, bi hamarren jaitsita: %0,5eko kuotatik, %0,3kora igaro da. ETB3 kateak, berriz, eutsi egin dio egoerari, eta hobetu egin du abuztuan izandako kuota. %0,9tik, %1,1eko kuotara igaro da, eta ekaineko emaitzen parean geratu. Kate horretako programazioa marrazki bizidunek osatzen dutela kontuan harturik, eta irailean ikasturte berria hasi denez, emaitza ona da bi hamarren igo izana; katea izaten ari den bilakaera onaren seinale.
Euskal Telebistako lau katetik hiruk irailean aurreko hilabeteetan baino emaitza kaskarragoa izan arren, onik ateratzen da alderaketa iaz edukitako emaitzekin egiten bada. ETB 1 kateak iazko kuota hamarren batean hobetu du, eta gaztelerazko kateak nabarmen egin du gora azken urtean. 2011ko irailean %7,4ko ikusle kuota zeukan ETB2k Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 2012ko irailean, %9,8.
Atzera begiratuta, Euskal Telebistaren urrezko aroa urrun geratu da. PSE-EEko lantaldea Eusko Jaurlaritzara iritsi zenetik, hiru puntu jaitsi da ikusle kuota. ETBren 30 urtetako emaitza kaskarrenetatik gertu geratu ziren iaz, eta azken hilabeteetan joera hori hobetzea lortu dute.
'Teleberri' eta estropadak
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, hain zuzen ere, izan dira ETB2k irailean izandako emaitzen arrazoi zuzenetako bat. Euskadi pregunta saioko lehen bi programek antzeko kuotak izan ditu. Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaia elkarrizketatu zutenean, %12,5eko ikusle kuota izan zuen programak, eta, %12,2koa PPko lehendakarigai Antonio Basagoiti galdekatu zutenean. Programa osteko eztabaidan desorekatu zen kuota: Mintegiren debateak %12,5eko kuota eduki zuen, eta Basagoitirena ez zen %9ra ailegatu.
Teleberri (%16,5), Ni más ni menos (%13,7), Euskadi directo (%12,8) eta La noche de... (%12,8) dira gehien ikusitako saioak.
ETB 1 kateari dagokionez, kirol emanaldiak izan dira beste behin ere nabarmenenak. Arraunak ikusle kuota handia eduki du. Kontxako Banderak %22,2ko kuota eduki du, eta San Miguel Ligako azken estropada telebista piztu zutenen %16,6k ikusi zuten.Mihiluze, Goenkale, Bisitaria eta Kontuz, atsuak! saioek ere emaitza onak izan dituzte denboraldi hasieran.
Komunikazioa
Irailean behera egin du ETB1en eta ETB2ren ikusle kuotak
Azken hilabetean EAEn ikusle gutxiago izan arren, iaz baino emaitza hobeak izan ditu Euskal Telebistak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu