«Aldizkari inteligentea» dela diote Zite aldizkaria; Vancouverko British Columbia Unibertsitatean sortu dute, Kanadan. Irakurlearen intereseko gaietara egokitzen da, eta Twitter sare sozialaren bitartez aktiba daiteke, baita Google Reader tresnaren bitartez ere. Hasiera batean, iPadaren erabiltzaileentzat pentsatu dute, eta aplikazioa doan jaits daiteke jada. Etorkizunean, beste gailu batzuetarako prest izango dute.
Aldizkariaren aplikazioa duen erabiltzaileak intereseko gaiak aukeratzen ditu. Berehala Zite-k gai horietako testuak handik eta hemendik hartzen ditu, aldizkarira eramanez. Edukiak soilik ingelesezkoak dira, oraingoz. Eta aldizkariaren hastapen fase honetan, hedabide tradizional handietatik edukirik ez dute hartzen. Hedabide hetereogeneoetatik iristen dira eduki gehienak; besteak beste, VentureBeat, Tuax.com eta AppleInsider hedabideetatik. Eduki horiek guztiak dotore aurkeztuak agertzen dira aldizkarian, grafiko, foto eta estatistikekin.
Ali Davar aldizkariko zuzendariak adierazi du proiektua nahasketa bat dela: «Makina-semantika eta ikasketa estatistikak uztartzen ditu. Izan ere, algoritmoak irakurlearen aktibitatea ikasten du». Zite-k irakurlearen gustuak eta ohiturak ikasten ditu, eta horretarako erabiltzen ditu Twitterren eta Google Readerren bakoitzak duen jarioa. Ez du Facebook erabiltzen, bere ekimenak algoritmoak despistatzen baititu.
iPadean arrakasta handia lortu duen Flipboard aplikazioarekin antzekotasunak ditu Zite-k. Baina pauso bat harago doa, pertsonalizatu egiten baita automatikoki eta testuak irakurlearen ohiturei egokitzen baitzaie.
Komunikazioa
Irakurleen gustuei egokitutako aldizkari digital bat sortu dute
Twitter edo Google Reader bitartez aktibatzen da 'Zite', eta irakurlearen intereseko gaiak eskaintzen ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu