Podcastak

Iritsi da 'Artxipelagoa'-ren hirugarrena eta azkena

EITBren 'Artxipelagoa' fikziozko podcastaren hirugarren eta azken denboraldiko atalak sareratzen hasi dira.

ITZIAR ITUÑO - 'ARTXIPELAGOA'
Itziar Ituño, 'Artxipelagoa'-ren grabaketa batean, Ulu Mediaren estudioan, Lasarte-Orian. BERRIA
urtzi urkizu
Donostia
2023ko abenduaren 11
13:25
Entzun

Oihartzun handia izan zuten Artxipelagoa fikziozko podcastaren lehen bi denboraldiek. Eta iritsi da hirugarrena eta azkena. Bihar sareratuko dute podcastaren azken denboraldiko lehen atala, eta hurrengo asteetan astelehenero jarriko dituzte atal berriak EITB Podkast atarian eta ohiko audio plataformetan. Estreinaldi berezia antolatu dute gaur arratsalderako, Donostiako Principe zinema aretoetan.

«Gizakien arrantzan / ibiltzen direnak / monastegiko fraide / bele beltz alenak / haiek hartu zituzten / umezurtz gehienak / nahasteko burua / bihotz ta barrenak / arma bihurtu ziren / arima zirenak». Bertso hori entzun daiteke fikziozko podcastaren hirugarren denboraldia iragartzen duen tartetxoan.

Trilogiaren amaieran ordena geopolitiko berriak agintzen du. Klima larrialdiaren ondorioz 2103. urtean bat-batean mundu osoko itsas maila igo zenetik daude egoera horretan. Ipar Afrikako Liga da indartsuena, baina lehia estua egiten dio Germaniar Konfederazioak zeina Alpeetan gotortuta baitago. Euskal Artxipelagoa burujabe izateko nahiari arrakalak sortu zaizkio, eta Afrikako Ligaren aldekoak eta Germaniar Konfederazioarekin lerratu nahi dutenak elkarren kontra ari dira; dena galduta dagoela dirudi. Egoera horretan da fikziozko distopia. Baina abentura berriak iritsiko dira hurrengo egunetan.

Ezustekoak

Protagonistei dagokienez, Jarek Olatz ama ezagutzeko aukera izango du, zeina hitzat jotzen baitzuen. Nizar eta Ikerrekin iritsi da Alpeetan ezkutatutako Ziutadelara. Ez dute neurri bereko harrera izango Germaniar Konfederazioan. Eta Aitor, Jareren aitona, bizirik dago —denek uste zuten hilda zegoela—.

Itziar Ituño aktoreak Olatzen rola jokatuko du. BERRIAk bertatik bertara bizi ahal izan zuen Ituñoren grabaketa bat martxoan, Ulu Media ekoiztetxearen estudioan (Lasarte-Oria, Gipuzkoa). Aurreko bi denboraldietan bezala, Aitziber Garmendia, Eneko Sagardoi, Anartz Zuazua, Asier Ormaza, Asier Hernandez eta Iñaki Beraetxe aktoreek jokatuko dituzte pertsonaia nagusien rolak. Horiekin batera, Bieuse bikoizle elkarteko aktore gehiagok parte hartu dute. Berrikuntzen artean, Aner Peritzek ere ahotsa jarriko dio pertsonaia bati. 

Entzunezko fikzioaren mugak gainditu ditu Artxipelagoa-k: EITBk komiki interaktibo bat sortu zuen, sakelako telefonoetan dastatzeko. Beste alde batetik, Elkar argitaletxeak paperezko komikia argitaratu du aurten. Batetik, Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberria idazleak aritu ziren gidoi lanetan —podcastean ere haiek dira gidoilariak—. Bestetik, Alex San Vicente Sanvi aritu zen marrazten, eta Sergio Roman Sedyas koloreztatzen. Urrian aurkeztu zuten komikia.

Entzunezko fikzioaren ekoizpena Ulu Mediak egin du EITB Podkast atariarentzat. Zuzendaria Oier Aranzabal da. Xabier Sagastarenak dira irudiak, eta Rafa Ruedarena musika.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.