Euskal Herria mendiz osaturiko artxipelago bat besterik ez balitz

'Artxipelagoa' podcasta oinarritzat hartuta, izen bera duen komikia plazaratu dute Xabier Etxeberriak, Martin Etxeberriak, Sanvik eta Sedyasek. Saila trinkotu, eta gazteen erregistrora egokitu dute

Sanvi, Xabier Etxeberria, Sedyas eta Martin Etxeberria, Artxipelagoa album bana eskuetan. JON URBE / FOKU.
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2023ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Azken hamar urteetan euskarazko komikigintzak «ia hutsetik abiatu eta sekulako jauzia» egin duela zalantzarik ez du Elkar argitaletxeko editore Xabier Mendigurenek, «bai kopuruz, bai eta kalitatez ere». Gaur, euskal komikiren batek argia ikusten dueneko eguna «zorionekoa» da, haren ustez, eta, zer esanik ez, «Artxipelagoa bezala, maisutasunez munduratu bada».

Edizio lanak eska dezakeen ahaleginaz gain, lau sortzaile aritu dira buruz buru Artxipelagoa (Elkar) komikian. Batetik, Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberria idazleak, gidoi lanetan. Bestetik, berriz, Alex San Vicente Sanvi eta Sergio Roman Sedyas, marrazte eta koloreztatze lanetan, hurrenez hurren.

Komikiak berezko lanketa berezia eskatu dien arren, izen bera duen podcasta izan dute abiapuntua. EITBren atarian kokatua eta Ulu Media ekoiztetxeak ekoitzia, 2020an hasi zen Artxipelagoa podcasta mamitzen, Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberria Oier Aranzabal Uluko lankidearekin elkartu eta fikzioari sail bat eskaini beharko litzaiokeela otu zitzaienean. Halaxe sortu zen Artxipelagoa komikiak oinarrian duen sail distopiko postapokaliptikoaren ideia. Honako hau funtsa: 2103. urtea da, eta urak azpian hartu ditu kontinente gehienak; Euskal Herria bera ere urpean dago ia osorik, artxipelago bat besterik ez da, mendi tontor garaienek osatu duten uhartedi arriskutsua.

Egokitzapen ugari

2021ean hasi, eta guztira hiru denboraldi osatu ditu podcastak, eta hiruretarik lehendabizikoak eman dio trama komikiari, betiere «hurrengo denboraldiek ere zorte bera izango duten esperantzaz», proiektuko parte hartzaile guztiek, izan idazle, irudigile edo editore, aho batez nabarmendu dutenez.

Alabaina, podcastetik komiki formaturako bidea «aski zaila» gertatu da, Xabier Etxeberriaren arabera: «Egokitzapen handia eskatu du». Hainbat zentzutan eskatu ere. Hasteko eta behin, «podcastetik edo hotsen planotik komikira edo ikusteko planora igaro behar izan delako».

Neurrira egokitu beharrak ere moldaketa handietara eraman ditu. Hain zuzen, podcasteko lehen denboraldirako idatziriko 250 orrialdeak laburtu, trinkotu eta komikiak osatu dituen 90 orrialdeetan errenditu behar izan dituztelako. Horrez gain, erregistroa ere aldatu egin behar izan dute. «Podcastaren harrera ona ikusirik, gazteei espresuki begiratzea eta haiei zuzenduriko webkomiki bat egitea» eskatu zien EITBk. Hortaz, «publiko orokorrarentzat sortu izanagatik ere, hizkuntza aldatu, beste tonu bat eman eta gaztetu» egin behar izan dute, EITBren plataforman argitara eman zedin.

Profesionaltasuna gako

Alde horretatik, podcasta eta komikia «oso bestelako bi produktu» direla esan liteke. Xabier Etxeberriak argi du podcasta entzun dutenek ez zutela «beharbada, horrela, komikian ageri den bezala, imajinatuko», baina ezta Artxipelagoa sortzen aritu direnek ere, era berean transformazio horren «eragile» izan arren. Gauza batzuetan «traizio txikiak» egin behar izan dituztela aitortu du Martin Etxeberriak. Podcastetik komikirako trantsizio horretan, 20 orrialde inguruko lau ataletan banatu dute lana,eta hori ere «beste buru ariketa korapilatsu» gisa definitu du Martin Etxeberriak.

Sanvi marrazkilariaren aburuz, bi gidoilarien «profesionaltasuna» gako izan da komikirako lehen pausoak «katramilatu gabe» eman ahal izateko, «ideiak oso ongi egituratuta aurkeztu baitzituzten lehen unetik, eta bazekitelako zer baztertu eta garrantzia zeri eman, medio bisualera igarotzerakoan». Halere, beldur apur bat sentitzeari ezin utzi, «Artxipelagoa ez bezalako» komikia landu izan baitu Sanvik orain arte, «bereziki umorezkoa, eta, betiere, beste erregistro batean sortutakoa». Sanviren lanik ezagunenetako bat Haur Besoetakoa da, Unai Iturriagarekin batera argitaratua. Hastapeneko beldurrak beldur, «azkenerako zinez atsegina eta erraza» egin zaio prozesua Sanviri.

Weberako bertsioa kontuan hartuta, bi komiki ondu dituzte, eta hastapenean hori ere kezka iturri izan zen Sanvirentzat, «papera eta digitala ongi uztartu behar izaten baitira, lanak ez errepikatzekotan». Sergio Roman Sedyas koloreztatzaileari zor diote produkzio osoaren logika: «Gogoeta praktiko baten ostean, konturatu ginen lehenik papereko bertsioa landu beharra zegoela, irudiak eskatzen duen bereizmenagatik»; eta, bestalde, papereko bertsiotik webekoa ateratzea «errazago delako, alderantziz baino». Irudiak «geruzatan lantzea» ere komeni zela ondorioztatu zuten.

Sedyas eta Sanvi aspaldiko lagunak dira, duela 30 urte ezagutu zuten elkar, gutxi gorabehera. Geroztik, marrazki bizidunak nahiz bideo jokoak egin dituzte elkarrekin, eta, Sedyasek dioenez, sarritan izan dute komikiari ere biek batera heltzeko irrika, «baina ez lortzen», harik eta Artxipelagoa egiteko proposamenamahai gainean jarri zieten arte. «Film bat balitz bezala pentsatuta» dago, koloreztatzailearen aburuz, «baina komikiaren baliabideak erabilita, jakina».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.