¿Qué te parece está versión de Nochentera en Euskera @vicco_music ? ¡A nosotros nos ha encantado y le ha dado suerte cantarla! 🥰 #OTBilbao#OTCasting2023 💙 👉🻠https://t.co/pmbiIl7rRFpic.twitter.com/zxHN1vvJS9— Operación Triunfo (@OT_Oficial) July 12, 2023
Hiru minutu lehenago hasi da talentu desfilea Miribillako korridoreetan, eta mugimendu bat gailendu da denen gainetik: azazkalak jatearena. Bilbo Arenako kantxa zapaldu duten lehen parte hartzaileak 07:00etatik izan dira ilaran —ia-ia eguzkia ateratzearekin bat iritsi dira eraikinera—.
Probak hamarretan hasi badira ere, Miribilla auzoan bederatziak aldera entzun dira lehen abestiak. Beroketa lanak ezinbestekoak dira esperientzia txar bat ez izateko: ahotsa berotzen hasiak dira, eta ura edateak ere eguraldiaren gehiegizko beroa arintzen lagundu die.
«Hautaproba hauetan izango nintzela zin egin nion orain dela gutxi galdu dudan senide bati», esan du Elorrioko (Bizkaia) hautagai batek. Argi du zergatik aurkeztu den probetara, eta alabaz «oso harro» agertu da ama. Bakoitzak bere motibazio propioak izan ditu, baina ilaran, ordea, arrazoi bat nagusitu da: jendaurrean abesteari beldurra kentzea.
Askotan saiatzen denak helburua lortu egiten dutela esan ohi dute. Galeraren ustez, hori ez da beti horrela izaten: «Bakan batzuen aurpegiak jadanik ezagutzen ditut, horrenbeste hautaproba ikusi ostean...». Halaber, ilaran egon direnek zuzendariaren iritziari entzungor eginez jo dute mikrofono aurrera. Bigarren fasera pasatu dira Bitter Suite eta Luiggi Diablo; biak bigarrenez aurkeztu dira, baita Kai Nakai ere, Zaragozan (Espainia) aurkeztu ondoren. Kanpoan geratu direnen artean, egon dira laugarrenez zein bosgarrenez aurkeztu direnak ere. Barakaldotik (Bizkaia) hurbildu da gazte bat, laugarrenez. Adierazi du Bilbokoa azken aukera izan dela: «Nahikoa da jada».
Adituen ustez, urduritasuna eta tentsioa gorputzaz jabetzen direnean zaila izaten da onena ematea. Batzuek hain ondo ezagutzen dute beren burua, horretarako ere prestatuta aurreratu dira epaileengana. Ez dira gutxi izan eskuan kantaren hitzekin agertu direnak. Azterketa batean kopiatzeko papera izango litzatekeena oso lagungarria izan da batzuentzat. Zenbaitek, ilaran zeuden bitartean, kantuen hitzak gogoratzeko erabili dute, eta lotsagabeenek abesten zuten bitartean irakurri dute.
Gizarteak bizi duen digitalizazio prozesu honetan, kopiatzeko erabiltzen diren paper horiek ere aldatu egin dira. Modu eta garai egokian erabiltzen jakin behar da, eta horrela egin du Gernikako (Bizkaia) Nerea Rutek: lehenengo abestia kantatu, epaimahaiak beste bat abesteko eskatu, eta hitzak ahaztu zaizkio: ilaran zeudenek eskuak aurpegira eraman dituzte, lehen abestiko erakustaldia ezerezean gelditzeko zorian baitzegoen. Baina ez, sakelakoa atera, kantuaren hitzak gogoratu eta epaimahaia aho zabalik utzi du berriz ere. Bigarren fasera pasatu da.
Euskara protagonista
Boladan dauden abestiak euskaratzea da Kai Nakairen ezaugarri nagusia. Bilboko proban ere bide horretatik jo du. Abeslariek antolakuntzak eskainitako 50 abestiko playlist batetik atera behar zituzten abestiak. Hori egin du gasteiztarrak, baina euskaratuz, eta Galerari «asko gustatu» zaio. Aguileraren ustez, hori izan da denek nahi zuten pegatina jasotzeko arrazoietako bat. Gainera, zuzendariak probak hasi aurretik hedabideei adierazi die gustatzen zaiola euskaraz, katalanez edo galegoz diren abestiak sartzea. Argi utzi du arazorik ez duela horretarako.
Euskaldunen bat lehian izango da ia ziur 30 herrialdetan ikusiko den gaztelaniazko musika saioan. Miribillan, talentua erraz gailendu da urduritasuna, presioa, tentsioa edota aurreiritzien aurrean. Antolakuntzako ordezkariek esan dutenez, «erakutsitako eskarmentuak merezitako emaitzak izango ditu». Iragarri dutenez, saioa urte bukaeran estreinatuko dute Amazon Prime Video plataforman.