Gabriel Gonzalez Ortiz: «Isilik egoteak ez du ezertarako balio»

Suizidioa eta komunikabideak: Gonzalez Ortiz kazetariak bi mutur horiek elkartu ditu bere azken liburuan. 2014an hasi zen gai horri bueltaka.

gabri1
Gabriel Gonzalez Ortiz, kazetaria eta Hablemos del suicidio liburuaren idazlea.
marcos tedin
2023ko azaroaren 22a
05:00
Entzun

Begirunea, min izugarria eragiten duelako. Hori nabarmendu du Gabriel Gonzalez Ortiz kazetariak (Artaxoa, Nafarroa, 1978) suizidioaz hitz egiteari dagokionez. Hedabideek gai horretaz nola informatu beharko luketen azaltzeko, Hablemos del suicidio liburua idatzi du.

Zerk bultzatu zintuen liburua idaztera?

Esango nuke beharrak bultzatu ninduela. 2014an, Nafarroako Gobernuak suizidioaren prebentziorako sortu zuen komisioan sartu nintzenean, ez nekien ezer gai horren inguruan. Unibertsitatean esaten ziguten ez genuela horren inguruan hitz egin behar, imitazio efektua saihesteko. Komisioan sartzean, suizidioaz hitz egiteko eskatzen ziguten adituek eta senideek. Horrek harritu ninduen. Esaten ziguten tabuek eta estigmek min handia eragiten zutela, eta isiltasuna hautsi beharra zegoela. Apurka-apurka joan nintzen gai horren inguruan ikasten, eta orduan esan nuen: suizidioaz hitz egin dezakegu, baina kontuz hitz egin behar da.

Orain arte, zein izan da komunikabideen jokabidea suizidioaz hitz egiteko orduan?

Suizidioak beldurra eragiten du gure gizartean. Tradizionalki, komunikabideek ez dute horren inguruan hitz egin. Esaten zitzaigun horren inguruan hitz eginez gero imitazio efektua sortuko genuela, eta egia da. Hala ere, 2000. urtean, OMEk [Osasunaren Mundu Erakundeak] esan zuen hori ez dela hitz egitearen ondorioa, baizik eta gaizki hitz egitearena. Ondo hitz egiten badugu, prebentzioan lagundu dezakegu. Batzuetan, kasu jakinen inguruko informazio gehiegi ikusten dut. Ez dugu suizidioaz hitz egin behar edozein gai izango balitz bezala. OMEk jartzen dituen mugak errespetatu behar ditugu. Azkenaldian, azpimarratuko nuke komunikabide batzuek ahalegina egin dutela suizidioaz ondo hitz egiteko.

Zer da suizidioaz ondo hitz egitea?

Oso zaila da. Suizidioaz hitz egiteko bi modu daudela esango nuke: kasu jakinak eta gertakari orokorrak. Kasu jakinek ez lukete albiste izan behar, esparru pribatuari dagokielako. Irizpideak oso argi izan behar ditugu. Suizidioa publiko egiteak mina dakar, eta saiatu behar dugu min hori txikiagotzen eta begirunetsuak izaten sufritzen ari direnekin. Imitazio efektua minimizatu behar dugu. Adituek eta OMEk eskatzen digute metodoa ez zabaltzeko eta kausak ez sinplifikatzeko. Ez dago kausa bakar bat suizidioa azaltzen duenik, suizidioa kausa ugari dituen fenomeno bat baita. Kausak sinplifikatuz gero, suizidioa bera izango litzateke konponbidea. Errespetu handiz ibili behar dugu, min izugarria sortzen baitu suizidioak. Gero, informazioa zabaldu behar dugu: zenbakiak, adituen iritziak, biktimen testigantzak. Seinaleak eta faktoreak zeintzuk diren ere azaldu dezakegu, gizarteak informazio gehiago izan dezan. Fenomeno hori gizarteari erakutsi behar diogu. Soilik arazoa ezagutzen dugunean hasi ahalko gara konponbideak bilatzen.

Suizidioaz hitz egiterakoan, zer saihestu behar dute komunikabideek?

Lehen, komunikabideek ez zuten suizidioaz hitz egiten, eta, hitz eginez gero, modu morboso batean hitz egiten zuten. Morboa saihesteko, kazetariak ahalegindu behar du sufritzen ari diren pertsonen lekuan kokatzen. Xehetasun gehienak ez dira beharrezkoak. Ostera, sufrimendu izugarria eragiten dute. Suizidioa gertutik ikusi ez dugunok ezin dugu imajinatu nolako mina eragiten duen. Horregatik, jokabide zorrotz, arduratsu eta begirunetsua izan behar dugu.

Zer eragin dezake isiltasunak?

Cecilia Borras Despues del Sucidiofundazioaren sortzaileak behin esan zuen: «Isiltasunak hiltzen du». Ziur nago ondo hitz egiten badugu gizartearen ustea aldatuko dugula. Sufritzen ari diren pertsonek ikusten badute suizidioaz hitz egiten dela, haientzat errazagoa izango da zer egoeratan dauden kontatzea. Lehenengo pausoa hitz egitea da. Ostera, isiltasuna badago, tabuak eta estigmak ere egongo dira. Kalte handia egiten du isiltasunak: desinformazioa eragiten du. Eta horren aurka jotzeko, informatu egin behar dugu. Isiltasunak ez du laguntzen kopuruak apaltzen, baizik eta tabuak eta estigmak iraunarazten, eta horrek prebentzioa oztopatzen du.

Uste duzu komunikabideek eraginik izan dezaketela datuetan?

Hori dio OMEk, konponbidearen parte izan gaitezkeela. Guk horretarako lan egiten dugu, gizartearen ustea aldatzeko eta kopuruak apaltzeko. Uste dut etorkizunean lortuko dugula. Isilik egoteak ez du ezertarako balio. Hitz egin dezagun, baina ondo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.