Ander Izagirre. Kazetaria eta idazlea

«Istorioak geografikoki lotzeko aitzakia ona da bizikleta»

ETB1ek 'Errepide galduak' saioa estreinatuko du bihar. Izagirre bizikletan ibiliko da batetik bestera, istorio eta pertsona ezezagunen bila. Sei atal grabatuko dituzte, «oraingoz».

urtzi urkizu
2018ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Hamasei liburu baino gehiago idatzi ditu Ander Izagirrek (Donostia, 1976), eta iaz Euskadi literatura saria jaso zuen Bolivian idatzitako Potosí-ri esker. Makina bat komunikabiderekin kolaboratu du; besteak beste, BERRIArekin.

Zure kronika, zutabe eta liburuengatik zara ezaguna. Baina telebistarako lan egin izan duzu aurretik, ezta?

Bai, baina oso gutxi; ETBko Bertatik bertara saioa Andoni Aizpuruk gidatzen zuen garaian, kolaborazio batzuk egin nituen, ibilbide batzuk. Saio bat aurkeztea guztiz berria da niretzat.

Nola sortu da Errepide galduak saioa egiteko aukera?

Pausoka ekoizpen etxearen proposamen bat izan da. Nire lan batzuk ezagutzen zituzten, eta telebistara emateko modukoak zirela iruditu zitzaien. Gero, ETBk ontzat jo zuen proiektua. Atal bakoitzean ibilbide bat egingo dut Euskal Herrian zehar. Bidean zenbait gai, istorio eta pertsona harrigarri topatuko ditut.

Saioaren aurkezpen bideoan «istorio bila dabilen alderrai» gisa aurkeztu zaituzte. Nolako istorioak bilatuko dituzu bizikleta gainean?

Aniztasunez betetakoak. Erakutsi nahi dugu leku berean oso gauza desberdinak egon daitezkeela. Adibidez, aurreneko atalean txirrindularitzako istorio batekin hasiko gara: 1992ko Donostiako Klasikoan gertatu zirenak. Jaizkibel mendira igoko gara horretarako, Xabier Usabiagarekin batera. Inguru berean frankismoko esklaboek egin zituzten errepideen inguruan hitz egingo dugu gero. Toki batean geruza asko egon daitezkeela erakutsi nahi dugu. Bigarren atalean, Ezkerraldean [Bizkaia] ibiliko gara.

Zer moduz doaz grabaketak?

Ondo. Lan handia da, ez nago ohituta honetara. Idazlea naiz, eta normalean oso bakartia naiz nire lanean. Kuadrilla baten erdian topatu dut neure burua. Hasieran kostatu egin zitzaidan egokitzea, baina gauza asko ikasten ari naiz.

Bizikletarekin lotutako hainbat artikulu eta liburu idatzi dituzu. Nola bizi duzu bizikletaren mundua?

Niretzat bizikleta multitresna moduko bat da: hasteko, kirola izan zen gaztetan; gero, afizioa eta pasioa ikusle gisa; bidaia luzeak egiteko ere erabili izan dut askotan; eta inguruko paisaietan barneratzeko modu egokia, baita hiri barnean ibiltzeko ere; lanerako ere aitzakia polita da, paisaiak erakutsi eta istorioak geografikoki lotzeko. Oso gogoko dut bizikletak ematen duen askatasuna.

Saioan, dena dela, jaitsiko zara bizikletatik.

Bai, bai. Ibilbideak egingo ditut bizikleta gainean, baina toki batean jaitsi, eta elkarrizketak egingo ditut. Kasu gutxi batzuetan bizikleta gainean egingo dugu elkarrizketa; Jaizkibel igotzen, Usabiagarekin, esate baterako.

Bizikleta kontuak albo batera utzita, nolako telebista saioa egingo zenuke gustura?

Buruan testu formatua izaten dut; zaila egiten zait telebistan pentsatzea. Hala ere, idatzi ditudan zenbait erreportajek eman dezakete dokumentalak egiteko. Baina ikus-entzunezkoetan,gehienez, kolaboratzaile gisa ikusten dut neure burua. Oso testukoa naiz; ez dut senik ikus-entzunezkoetarako.

Komunikabide askorekin kolaboratzen duzu. Zer da gogorrena gaur egun kazetari freelance batentzat?

Ni ezin naiz kexatu gaur egun; moldatzen naiz gustuko lanak egiten. Baina energia asko xahutzen dut kontu burokratikoekin, eta produktuak negoziatzen eta saltzen aldiro. Komunikabideen ekosisteman, dena den, oso aukera gutxi daude kazetaritzatik erabat bizitzeko. Ni azkenaldian liburuekin gehiago nabil, erreportaje baten kostua ez baitut ordaintzen kobratzen dudanarekin. Argi dut beste jarduera batzuk egin behar ditudala: enkarguzko lanak, gidak, hitzaldiak...

Gaur egun kazetaritzak baditu bere berezitasunak eta ajeak.

Ez dago modu argirik autonomoek bizimodu egonkor eta fidagarri bat izateko. Etengabe ate joka ibili behar dugu, estu, eta nekagarria da. Balio handiko jendeak ez du bide argi bat aurkitzen. Zaila da.

Iaz frankismoko esklabo Luis Ortizi buruzko liburu bat idatzi zenuen. Zer ikasgai eman zizun?

Luis 87 urterekin pattal samar zegoen, baina adin horretan hasi zen joaten omenaldietara eta ekitaldietara, eta berpiztu egin zela kontatu zidan. Egun, 102 urte ditu. Memoria historikoaren kontuak ez dira zaharren batallitak, baizik eta jendeak bere bizitza osatzeko eta justizia zentzu bat jasotzeko beharrezko zerbait da, erreparazio bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.