Komunikazioa. Ekografiak

Izango da...

Jokin Labaien.
2011ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Irakurri dut bat egin ondoren Tele5 eta Cuatro kateek behera egin dutela. Irakurri, Espainiako Ikus-entzuleen Defendatzaileak egindako inkesta baten arabera, telebistari begira daudenen %44,6 kalitatezko irizten diotela egungo eskaintzari. Deigarriak dira bi tituluak. Ez dakit banatu egin behar diren. Elkarrekin hartu. Zeharka lotu. Ezikusiarena egin.

La1 omen da, seigarren hilez jarraian, Espainian ikusle datu onenak dauzkan katea. Tele5k behera egin omen du, bigarren lekuan jarraitzen duen arren. Antena3 kateak lehenean jarraitzen du, eta La Sextak gora egin du, Cuatro katea harrapatzeraino. Gainontzekoak, urrun.

Inkestaren emaitzek diotenez, erantzun dutenen %43,6k programazioaren aniztasuna aldarrikatzen dute; %17,2arentzat entretenimendua eskaintzen duela; %9,1ek informazioa. Tamalez, duen funtzio hezitzaileak %1,1 baino ez du asetzen. Kalitatearena da deigarria. Erantzun dutenen ia erdiak uste baitu kalitatezko programazioa eskaintzen dutela kate espainiarrek.

Beraz, kasualitate hutsa baino zerbait gehiago izango da, noski, La1en nagusitasuna. Dena den, La2ek kalitate hobea duela jakina dela esango nuke, eta ez da zenbaki horietara hurbildu ere egiten. Tele5ek kalitatea auzoan duela badakigu. Baina bigarren jarraitzen du eskandaluak eskandalu.

Egin dezagun atzera. La1 katea buruan jartzen dutenak albistegiak omen dira. Hala ere, ikus-entzuleen %9,1ek baino ez diote telebistari balio informatiboa lehenesten. Eta nagusi da, oraindik. Entretenimendua da bilatzen dutena, eta Tele5k behera egin du. Antena3 kateak eutsi, LaSextak gora, eta Cuatrok behera.

Ez da ba izango albistearen helburua fusio eta porrota hitzak esaldi berean jartzea zela. Ez da ba izango inkestetan erantzuten duten horiek euren burua gehiegi maite dutela inkestatzailearen aurrean egia osoa aitortzeko. Ez da ba izango aniztasuna eta kalitatea zehaztu behar luketen garuneko gunea atrofiatu egin zaigula. Izango da galdetegien emaitzak galdetzailearen eta argitaratzen dituen hedabidearen araberakoak direla. Izango da jendaurrean telebista utopikoa aldarrikatzen dugula, eta pisukidea egongelara sartzean Tele5 kendu eta La1 jarri. Izango da zaborra formatu desberdinetan eskaintzeko gaitasunari deitzen diogula aniztasuna; eta kalitatea plasma telebistari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.