Iñaki Sebastian (Iruñea, 1967) Les Mecaniciens taldeko bateria jotzailea izan zen, eta perkusionista Bilboko Orkestra Sinfonikoan. Musikari profesionalaren ibilbidea utzi egin zuen, bere izena duen enpresa sortzeko: ikasle garaian bere buruari egiten zizkion perkusio tresnetarako makilak, dirua aurrezteko, eta, orain, mundu osoan saltzen ditu. Duela aste batzuk Dropcoin plataforma abiatu zuen, idatzizko hedabideei Interneteko irakurleen dirua jasotzen laguntzeko.
Zerikusirik al du zure musikari ibilbideak sortzaileei laguntzeko eratu duzun Dropcoin tresnarekin?
Bai. Musikaria nintzen garaiko asmo bat egin gabe geratu zitzaidan: Europan bira bat egitea kalean jotzen. Ikusi nahi nuen zelako harremana sor nezakeen jendearekin kalean, eta botatzen dituzten txanpon horiekin nola molda nintekeen bizirik irauteko. Ez nuen egin, arazo bat nuelako: perkusio jotzailea nintzen. Gorroto diet batukadei eta halakoei, eta badakit tipo bat kalean danborra jotzen gauza astuna izan daitekeela. Azken urteotan, askotan galdetu diot neure buruari zergatik hedabide askok Interneten dituzten dozenaka mila irakurleek ez duten aurrerapausoa ematen eta haiei diruz laguntzen. Jendeak dena doan nahi du? Ez dut uste.
Baina Les Mecaniciensen garaian kexu zinen lagunek taldearen diskoak uzteko eskatzen zizutelako kasetean kopiatzeko. Internetekoa ez al da gauza bera?
Bai, baina diskoa erosteko gauza ez ziren haiek prest zeuden autoa hartu, kilometro asko egin eta dirutza gastatzeko taldea AEKanpada batean ikusteko. Jendeak lagundu egin nahi du, baina ez du egiten ez daukalako tresna erraz eta merke bat gustuko duena sostengatzeko. Hedabideek eskatu egin behar diete. Esan behar diete irakurleei haien laguntza behar dutela. Irakurleak joaten dira edukien bila. Txanponen kontu hau keinu bat da, eskerrik asko esateko modu bat. Gure lana keinu hori ahalik eta gehien erraztea izan da: klik batekin egin ahal izatea.
Finantzaketa kolektibo klasikoan ematen denari mikroekarpena esaten badiote, zuen sisteman are txikiagoa da. Zergatik erabaki duzue hamar zentimo eta bi euro arteko nanoekarpena eskatzea?
Finantzaketa kolektiboko kanpaina batean edo PayPalen bidez parte hartuko ez lukeen jendearengana heltzea da garrantzitsuena. Jendeak ez lituzke 25 zentimo emango PayPalen bidez, besteak beste, tresna horrek zentimo horietako gehiena komisio gisa eramango lukeelako. Nik txanpona hartu dut oinarri eta kazetaritza hasteko eremu, milioika lagunek egunero bilatzen dituztelako kazetarien lanak informatzeko. Uste dugu bezero kopuru handi horrek eta informazio gosea egunero ase beharrak aukera eman diezagukeela jendea konbentzitzeko. Hedabide askok dituzten bisitarien %1ek astero 50 zentimoko txanpona emanez gero, dirutza lor dezakete.
Baina Dropcoinen kontu bat ireki beharrak eta kreditu txartela horrekin lotu beharrak ez du jende asko atzera botako?
Bai. Baina aztertu egin dugu, eta ez dago egiteko beste modurik. Izena emateko formularioan argi esaten dugu: bost axola zaizkigu zuri buruzko datuak, zure adina, hermafrodita zaren edo jana mina maite duzun. Helbide elektroniko bat eta pasahitz bat, besterik ez dugu eskatzen. Jendeak konfiantza du: txanpona emateko botoia sakatzen dutenen %70ek amaitu egiten dute prozesua.
Jada Jot Down kultur agerkariarekin eta Politikon gunearekin ari zarete lanean, besteak beste. Zergatik hasi zarete horiekin?
Hasieratik egin zutelako bat egitasmoarekin. Nik Jot Down irakurtzen nuen eta, honetarako leku perfektua iruditzen zitzaidan, irakurleen maila eta inplikazioarengatik: norbait elkarrizketa bat irakurtzen 45 minutu pasa baditzake, eta, ondoren, 27 lerroko iruzkin bat idatzi, argi dago ongi baloratzen duela irakurritakoa. Dropcoin sistema berehala jarriko zutela esan ziguten. 2016tik aurrera, horrekin urtean 12-15.000 euro jasotzea espero dute. Lehen hilabetean jaso dutenarekin, aste bateko argazkiak ordaindu dituzte. Politikon-ekoek lehen hilabete honetan bezala jarraitzen badute, Interneteko gunearen urteko zerbitzari gastu guztiak eta hitzaldi batzuk ordainduko dituzte.
Gatazka sor dezake Dropcoinek hedabide batzuek jada dituzten bazkide sistemekin edo bestelakoekin?
Gure asmoa beste tresna bat ematea da. Ez dut uste aukera batzuek beste batzuk baztertuko dituztenik. Egongo dira urteroko harpidetza ordaindu nahi eta ahal dutenak. Baina harpidetza ordaintzerik ez dutenek aukera izango dute urtean hamar bat euro emateko, gustura irakurritako artikuluei txanpon bat emanda. Azkenean, informazioa baloratzeko tresna guztiak erabiliko dira, kazetaritza ona egon dadin.
ATZEKOZ AURRERA. Iñaki Sebastian. Enpresaburua
«Jendeak dena doan nahi du? Ez dut uste»
Musikari izan zen Sebastian, eta badaki zein zaila den sorkuntza lanengatik ordaina jasotzea. Horregatik, Dropcoin tresna eratu du, gustuko kazetaritza lanak txanpon txiki batzuekin eskertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu