Joel eta Ethan Coenek telesail bat idatzi, ekoitzi eta zuzenduko dute

'The ballad of Buster Scruggs' western generoko lana izango da, eta sei istorio gurutzatuko ditu

Joel eta Ethan Coen zinemagileak, 2015eko Cannesko Zinemaldian. SEBASTIEN NOGIER / EFE.
urtzi urkizu
2017ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ameriketako Estatu Batuetan gero eta zinemagile gehiago ari dira telesailak zuzentzen: Steven Soderberghek telefilmak egin ditu HBO katearentzat; Woody Allenek Crisis in Six Scenes telesaila Amazonentzat; Baz Luhrmanek Netflixeko orain arteko telesailik garestiena zuzendu du: The Get Down —hamar milioi euro ataleko—. Hollywoodeko aktore izarrak ere telesailetara pasatu dira: Robert de Niro, Meryl Streep, Julia Roberts, Kevin Spacey, Nicole Kidman... Joel eta Ethan Coen zinemagileen txanda da orain. The ballad of Buster Scruggs telesail laburrean ari dira lanean, eta hori izango da telebistarako sinatzen duten aurreneko lana —Fargo filmaren telebistako egokitzapenean ekoizle eragileak izan ziren—.

Western generoko lan bat izango da Coen anaien telesaila, gurutzatzen diren sei istoriorekin. Gidoia idazteaz gain, zuzendariak eta ekoizleak ere izango dira bi anaiak. Mike Zoss Productions enpresaren bitartez egingo dute ekoizpena, Annapurna Television ekoizpen etxearekin elkarlanean. Annapurnaren sortzaile Megan Ellison eta konpainiako presidente Sue Naegle izango dira telesailaren ekoizle eragileak. Aurretik elkarrekin lan egindakoak dira Ellison eta Coen anaiak, True Grit filmean (2010). Zuzendarientzat western generoa ez da arrotza, aipatutako True Grit lana eta No country for old men filma egin baitituzte. Azkeneko lan horrekin, lau Oscar sari irabazi zituzten: film onena, egokitutako gidoirik onena, zuzendari onenak eta taldeko gizonezko aktorerik onena, Javier Bardemek.

The ballad of Buster Scruggs-eko istorioak ez dituzte telebistara mugatu nahi —oraindik ez dute jakinarazi zein katek emango duen—. Antzerkiarekin edota zinemarekin lotu nahi dute proiektua. Berriki Brian Grazer eta Ron Howard The dark tower telesaila antzerkira eramaten saiatu dira, baina, azkenean, horren ordez, zinemarako film bat egingo dute urte amaierarako.

Enrique Urbizu Movistar+en

Euskal Herrian ere badira telesailetara pasatzen ari diren zinemagileak. Horien artean Enrique Urbizu (Bilbo, 1962) nabarmendu daiteke. Datozen hilabeteetan, Urbizuk Gigantes telesail dramatikoa zuzenduko du Movistar+ ordainpeko plataformarentzat. Narkotrafikoaren munduan murgilduta dagoen familia bati buruzko istorioa izango da; seme txikienak sosak txakurren arteko borroketatik atera nahiko ditu, ijitoen auzoetan. Aktoreen artean Juana Acosta dago (Valle del Cauca, Kolonbia, 1976). Urbizuk telebistarako egin izan du lan: Pepe Carvalho telesailaren atal bat zuzendu zuen, eta Las aventuras del capitán Alatriste-ren beste bi.

Koldo Zuazua ekoizlea (Donostia, 1971) batik bat zineman aritu da orain arte, eta aurten Movistar+en La peste telesailean parte hartuko du. Alberto Rodriguez zinemagilea da zuzendaria, eta aktore protagonistetako bat Paco Leon izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.