Kanaldude bikoizketa lanetan hasi da

'Ardien doinua' film laburra argitaratuko du Kanaldudek irailean, euskara hutsean. Haurrentzako eskaintza zabaltzeko ez ezik, euskal kultura sustatzeko ere baliagarri izanen da proiektua, Eki Pagoaga koordinatzailearen ustez.

'Ardien doinua' filmaren grabaketa, ekainean. BERRIA
'Ardien doinua' filmaren grabaketa, ekainean. BERRIA
Iratxe Muxika
2025eko uztailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Erretiroa hartu zuenetik, ardiak eta soroak zaintzen ematen du eguna Marcelek. Goiz bateko ihintzaren freskuran, baina, erietxera joan beharko du, eta, itzultzean, ohartuko da ardi bakarra geratzen zaiola belardi zabalean. Joan den urtean kaleratu zuten Ardien doinua filma jatorrizko hizkuntzan, frantsesez. Kanaldude telebistak, ordea, euskarazko bertsioa plazaratzearen alde egin du, eta irailean estreinatuko du ekoitzitako lana. 

Ekainaren 9an egin zituzten bikoizketa lanak: hamazazpi minutu irauten du laburrak. Maddi Zubeldia eta Mixel Etxeberri aritu ziren aktore lanetan, Maryse Urruti arte zuzendaritzan, Loic Villiot soinu teknikan eta Eki Pagoaga koordinazioan. 

Pagoagak berak erran duenez, aspalditik zeukaten gogoa halako zerbait egiteko, batez ere haurrei begirako eskaintza zabaldu nahi zutelako eta bertzelako lanak egin nahi zituztelako. «Esango nuke normalizazio ekintza bat egin nahi izan dugula, guk ere hasi behar baitugu atzerriko filmak gurera ekartzen. Haurren saila indartu nahian ari gara, eta beste saio bat ere sortu dugu haientzat propio. Behin bide hori irekita, aukera bat ikusi genuen bikoizketa lanekin hasteko», azaldu du. Horrez gain, koordinatzaileak aipatu duenez, Hego Euskal Herrian jada bikoizketa lanak argitaratuak izateak ere eragin du erabakia hartzeko orduan: «Orain egin behar genuen, Ipar Euskal Herriak ere behar baitu bikoizketa propio bat». 

Hamazazpi minutuko film bat bikoizteko, dena dela, hagitzez minutu gehiagoko lana egin behar da aitzinetik; are, «txukun» eta «koherente» egin nahi bada lana. Pagoagak kontatu duenez, «euskalgintzaren aldeko proiektu» baten gisan ulertu dute bikoizketa, eta sinistuta daude mesede eginen diola inguruko euskal kulturari. «Ariketa polita eta interesgarria izan da; gauza asko ziren lotu beharrekoak, baina mereziko du». 

Euskara «naturala»

Kontuan hartu beharreko arlo horietako bat zen, hain zuzen naturaltasunaren afera, Pagoagak zehaztu duenez. «Kezka genuen normalizatuegi ez ote zen geratuko, horrelako bikoizketetan sarri gertatzen baita euskara ez hain naturala izatea. Guk ez genuen horretan erori nahi». Nolabaiteko oreka lortu behar zen, hortaz: euskara batua oinarri hartu, baina euskalkiari eta eguneroko erramoldeei lekua utzi. Antza, «nahiko zaila» izan da gidoia natural egitea, baina ahalegindu dira burutan zeukatena aitzinera eramaten. «Sentsibilitatearen aldetik, uste dut positiboa izanen dela; jakin dugu nola egin. Ikusleentzat askoz ere hurbilagoa izanen da, baita sinesgarriagoa ere». Edonola ere, «kontent» daude egindako lanarekin. 

Filmetan gertatzen den bezala, ezusteko bat izan zuten proiektuaren hasieran ere: «Hitzartuta genuen ekoizleak euskarazko bertsio bat hornitu behar zigun, baina, horren ordez, bertsio bat azpidazteko aukera eman zigun. Guk ezetz esan genion, bikoiztua behar genuela. Hori egiteko ahalmenik ez zuela eta, guk geuk egitea erabaki genuen». 

Nekazari anitz bizi dira Euskal Herrian, eta, hain zuzen ere, ezaugarri horrek bultzatuta aukeratu zuten filma. «Ardien doinua bi laborariren inguruko istorio bat da, eta pentsatu genuen gure publikoari hurbil gera dakiokeela», azaldu du Pagoagak. «Gainera, iraupen aldetik motza da, ez da hogei minutura iristen, eta hori ere mesedegarria zen. Horrelakoetan pixkanaka hasi behar da, eta gero joango gara pixkanaka lan luzeagoak eginez». 

Bertzalde, bikoizketa tailerrak ematen hasi dira eskoletan, baita eskolaz kanpoko orduetan ere. «Grabaziora gurekin etortzera gonbidatu genituen, eta prestakuntza lanetara, pozgarria baita bikoizketaren aldeko mugimendu bat piztea». 

Irailean estreinatuko dute Ardien doinua euskaraz, eta, zer-nolako interesa sortu duen ikusita, kontent daude taldekideak. «Uste dut jendeari asko gustatuko zaiola, eta, gainera, halako lanetan hasten bagara, lana sortuko dugu, jende asko behar baita film bat grabatzeko», erran du Pagoagak. «Jatorrizko filmaren mailakoa bada, ongi; hobea bada, hobeki».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.