Komunikazioa

Kandela bat lau urtean behin

Bisurteetako otsailaren 29an baino ez dute argitaratzen 'La Bougie du Sapeur'. 2008. urtean 200.000 ale saldu zituzten Frantzia osoan. Asteazkenean iritsiko da zenbaki berria.

urtzi urkizu
Donostia
2012ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Bizkor, ziztu bizian, konturatu gabe pasatzen dira egunak. Eta, egun bakoitzean tituluei gainetik begiratu ostean, zakarrontzian pilatzen dira egunkariak, batzuk besteen gainean. Bizkor eta ziztu bizian jasotzen ditugu eguneroko berriak Interneten, egunkarietako webguneetan eta sare sozialetan. Irakurri bezain laster ahaztu ere bai.

Egunerokoaren menpekotasunetik aparte badira uharteak, ordea. Paperezko uharte eta altxortzat jo dezakegu Frantziako La Bougie du Sapeur (Zulatzailearen kandela) argitalpena. Egunkari paperean inprimatzen dena. Ez egunero, baina. Lau urtean behin, bisurteetako otsailaren 29 bakoitzean.

Argitalpenak ez du ematen eguraldiari buruzko informazioa, bezperan elurte erraldoi bat gertatu bada ere. Ez du argitaratzen eguneko horoskopoa. Bistan da, lau urtez kontsumi daitekeen kazeta bat da. Baditu, dena den, ekonomia gomendioak eta artikulu satirikoak. Harremanen atal bat ere badu La Bougie du Sapeur-ek. Eta foiletoi bat ere bai.

Umoreak presentzia nabarmena du argitalpenean. «Lau urtean denbora ematen du barregarria den guztiaren stock-a egiteko», dio Jean d'Indy zuzendariak.

Lau hilabeteko lana

La Bougie du Sapeur-eko kideak kazeta argitaratu baino lau hilabete lehenago biltzen dira, edukiak erabakitzen joateko. Duela lau urteko zenbakian, esate baterako, kolaboratzaile guztiek konpromisoa hartu zuten Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea inon ez aipatzeko. Frantziako hauteskundeetarako bi hilabete falta diren honetan, hori errepikatzea zaila izango dute asteazkeneko zenbakian. Edonola ere, irakurleak harritzen saiatuko dira.

Lau urtean behin argitaratu arren eta lau hilabetez argitalpena prestatzen egon arren, kazetariek inoiz ez dituzte bidaltzen artikuluak epe barruan. Eta horrekin ohituta dago jada zuzendaria: «Edizio amaiera erotzeko modukoa izaten da. Zenbaki bakoitzarekin gauza bera gertatzen zaigu, eta artikulu eta diseinu batzuk baztertu behar izaten ditugu epez kanpo bidaltzen dizkigutelako».

La Bougie de Sapeur-ek badu igandeetako gehigarri bat. Baina hori soilik 28 urtean behin argitaratzen da, bisurteko otsailaren 29a igandea egokitzen denean. 2008an argitaratu zuten aurrenekoa. Eta gehigarriaren hurrengo zenbakia 2032. urtean argitaratuko dute. Jakiteko dago ordurako Frantzian paperezko zenbat argitalpen geldituko diren.

Emakumeentzako gehigarri bat ere atera zuten 2008ko zenbakian (La Bougie du sapeur-Madame), eta hori lau urtean behin argitaratzen jarraituko dute.

Jasotako dirua, autistentzat

1980. urtean argitaratu zuten aurrenekoz La Bougie du Sapeur. Izena Christophe marrazkilariak sortutako komiki bateko pertsonaia batetik dator: sapeur Camember. Otsailaren 29 batean jaio zen pertsonaia hori, eta hortik dator lau urtean behin kandela piztu eta putz egitearen kontua. Argitalpenaren sortzaileak Jacques Debuisson eta Christian Bailly izan ziren.

2004. urtetik harpidetza bitartez jaso daiteke La Bougie du Sapeur. Ehun euroren truke, bizitza osoan jasoko duzu.

2008. urtean 200.000 ale banatu zituzten (lau euroko prezioa du kioskoan). NMPP prentsa elkartea arduratu zen banaketaz. Eta jaso zuten diru guztia nerabe autistez arduratzen den elkarte bati eman zioten.

Argitalpenak ez du Interneteko bertsiorik, eta etorkizunean ere ez du halakorik izango. «Papera maite dugu guk. Webguneak? Asko daude eta oso ondo egiten dute lan», dio zuzendariak. Lau urtean behin eskutara iritsiko den paper sorta zakarrontzitik libra daitekeen kandela izaki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.