Kirol emankizunak, kameraririk gabe

Finlandiako Aland uharteetan argitaratzen den suedierazko egunkari bat da 'Alandstidningen'. Teknologia berriak eta adimen artifiziala erabiltzen dituzte kirol emanaldiak egiteko.

'Alandstidningen' egunkariaren baliabideak, kirol emanaldiak egiteko. AMIR KARBALEAI
'Alandstidningen' egunkariaren baliabideak, kirol emanaldiak egiteko. AMIR KARBALEAI
urtzi urkizu
2025eko uztailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Teknologia berriak erabiltzeak askotariko aukerak eman ahal dizkie komunikabide txikiei. Hori frogatzen ari da Alandstidningen egunkaria. Aho biko ezpata da adimen artifiziala, eta egunkari hori harpidedunei kirol txapelketak merke eskaintzeko baliatzen ari da. Nola? Adimen artifizialaren bidez grabatzen duten kamerak erabiliz, futboleko, izotz hockeyko eta boleiboleko partidak ematen dituzte.

Daniel Dahlen Alandstidningen-eko editoreak azaldu du «soluzio egoki bat» aurkitu dutela kirol emanaldiak egin ahal izateko. Eta merkea. «Komunikazio talde handiek baliabide asko dituzte: produktoreak, kamera eta kamerari asko, askotariko giza baliabideak, baita baliabide teknikoak ere». Danimarkako asmakuntza baten bidez aurkitu dute irtenbidea Aland uharteetan. «Langile batek, estadiora edo kirol instalaziora joan, eta adimen artifizialarekin dabilen kamera bat jartzen du. Kamera horrek hiru objektibo ditu, eta bera arduratzen da soinuaz, bideoaz...». Editoreak argitu duenez, bestalde, bulegoan beste langile bat aritzen da datuei erreparatzen. «Izan ere, talde batek gola sartzen duenean, langile horrek sartzen du puntuazioa zuzenean. Baina gainontzekoan, kamerak bere kasa funtzionatzen du».

Alandstidningen egunkariaren teknologia kirol emanaldiak egiteko AAren laguntzarekin.
'Alandstidningen' egunkariko langile bat, kirol emanaldiak egiteko azpiegitura teknologikoarekin. AMIR KARBALEAI

Suedieraz argitaratzen da egunkaria, Finlandiako Aland uharteetan, eta aintzat hartzeko moduko irakurle kopurua du. Dahlenek dio hedabideetara jotzen dutenek ondo hartu dutela kirol emanaldiak ikusi ahal izatea: «Bagenituen zalantza batzuk. Baina jendea pozik dago; oro har, ez dago kexarik. Esango nuke harpidedun asko txundituta daudela guk hori egin dezakegulako». Adibide gisa, azaldu du gazteentzako nazioarteko futbol lehiaketa bat egiten dutela Aland uharteetan —Finlandiakoak, Suediakoak, Estoniakoak eta Erresuma Batukoak dira taldeak, besteak beste— eta partida horiek zuzenean emateko modua aurkitu dutela. «Gure langile bat estadiora joaten da, kamera jarri, eta gero alde egiten du».

Beste ekitaldi mota batzuetan?

Neguan hasi zen suedierazko egunkari hori adimen artifiziala erabiliz kirol emanaldiak egiten. «Laster, saiatuko gara motorrarekin lotutako ekitaldietan erabiltzen. Uste dut horietan ere funtzionatuko duela». Kirolean ez ezik kultur ekitaldietan ere teknologia hori erabiltzeko modurik egon daitekeen galdetuta, Dahlen baikor dago: «Oraindik ez dugu halakorik probatu. Baina ez dut arazorik ikusten kultur ekitaldietan saiakera egiteko. Ikusiko dugu zer moduz doan».

Kirol emanaldi horiek egiteko hardwarea 2.800 euro inguru kostatu dela azaldu du kazetako editoreak. Softwarearen lizentzia modelo bat erabiltzen dute, bestalde, eta urtean 2.000 euro inguru kostatzen da. «Ez da oso garestia, bistan da».

Teknologia berriak erabiltzeko orduan, askori zalantza pizten zaie ea horrek ez dakarren langileak kaleratzea. Dahlenek argi esan du Alandstidningen egunkarian ez dela halakorik gertatu. «Gerta daiteke beharrik ez izatea lan batzuetarako jende gehiago kontratatzeko. Baina guk, behintzat, ez dugu inor kaleratu, eta ez dugu inor kaleratuko». Gainera, editoreari iruditzen zaio adimen artifizialak egiten dituen gauza batzuei esker, kazetariek denbora gehiago izan dezaketela kazetaritza arloan lan egiteko.

Alandstidningen egunkariaren teknologia kirol emanaldiak egiteko AAren laguntzarekin.
'Alandstidningen' egunkariaren kirol emanaldietarako kamera berezia. Adimen artifizialaren bidez lan egiten du. AMIR KARBALEAI

Aland uharteetako Alandstidningen egunkaria astean bost egunetan argitaratzen da paperean. Webgunean unean uneko albisteak ematen dituzte. Enpresaren finantzaketari dagokionez, diru sarreren erdiak gutxi gorabehera harpidetzen bitartez lortzen dituzte, Dahlenek azaldu duenez. Publizitate sarrera sendoak ere baditu. Ez du finantzaketa publikorik jasotzen.

«Ikusi genuen harpidedun gero eta gehiago edizio digitalekoak zirela. Eta sumatu genuen zuzeneko kirol emanaldiak gero eta gehiago estimatzen dituztela herritarrek. Egunkari gisa zaila zen horri ekitea, baina aurkitu dugun konponbidea ona da», azaldu du kazetariak. «Hedabide guztiz pribatua da gurea, eta funtsezkoa izango da etorkizunean diru sarrera gehiago lortzea. Harpidetza oinarri oso ona dugu, behintzat, eta horri esker burujabeak gara».

Alandstidningen egunkaria Europako Midas erakundearen parte da. Hamahiru hizkuntzatan argitaratzen diren 28 hedabide biltzen dira Midasen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.