Komunikazioa

Klaudio Landak eztabaida saio bat aurkeztuko du astero ETB1en

Ostegun gauean 40 lagunetik gora izango dira platoan iritzia ematen, Erpinek ekoitzitako 'Debatea'-n

urtzi urkizu
Donostia
2012ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
2013. urtearen hasieran ETB1ek izango duen berrikuntza nabarmenena Debatea zuzeneko saioa izango da. Urtarrilaren 10ean estreinatuko dute, eta ostegunero emango dute prime time ordutegian. Aurreneko saioko gaia Eusko Jaurlaritza berriaren erronkak izango dira.

Erpin ekoizpen etxeak egingo du programa, eta zuzendaria Luis Oiartzabal izango da. Ni más ni menos saioa ETB2 katean ekoizten du Erpinek, eta azkenaldian ikusle datu oso onak lortzen ari da (azaroan bataz beste %15,6ko ikusle kuota). Klaudio Landak aurkezten du ETB2ko programa, eta ETB1eko saio berria gidatzeaz ere bera arduratuko da.

«Euskal gizartean ahoz aho dabiltzan eta gaur-gaurkoak diren gaiekin zerikusia dutenak jorratuko ditugu. Horretarako ideologia askotako jendea gonbidatuko dugu», iragarri du Klaudio Landak.

Platoan 40-50 pertsona inguru bilduko ditu astero Debatea-k, harmailetan kokatuta. «Gai bat aukeratu, eta horren inguruan galdera bat planteatuko dugu. Bi orduko saioan bestelako hainbat azpigai azalduko dira», dio Landak. «Eusko Jaurlaritzaren erronkak dira lehen gaia, eta hor hainbat kontu azalduko dira: gai ekonomikoak, normalizazioaren ingurukoak eta beste hainbat».

Eztabaidan parte hartuko duten lagunak lau multzotan banatu dituzte: mintzakide finkoak (saio batean baino gehiagotan parte hartuko duten iritzi emaileak), adituak (gaiarekin lotura dutenak), testigantzak (horiekin elkarrizketa laburrak egiteko aukera izango du Landak) eta herritarrak. «Guztiek emango dute iritzia, pisu berdintsuarekin», aurreratu du aurkezleak. «Gaien arabera datuak emango ditugu, eta ikerketa batzuk hartuko ditugu abiapuntutzat. Grafikoak eta bideoak erabiliko ditugu horretarako». Euskal Herriko zein atzerriko EITBko berriemaileekin zuzeneko konexioak egiteko aukera ere izango dute euskarazko programa berrian. «Iritzia emateko beste bide bat, berriz, telefonoarena izango da. Ikus-entzuleekin konektatzeko modu bat izango da. Azken boladan maiz erabiltzen dut telefonoarena ETB2ko saioan».

'Ni más ni menos'-en ere bai

Klaudio Landak ETB1eko saio berriaz gain, arratsaldero ETB2ko Ni más ni menos aurkezten jarraituko du. «Gaur-gaurko gaiak lantzen oso gustura nabil. Bi urte egingo ditugu otsailean Ni más ni menos-ekin, eta eroso nago formatu horrekin. ETB1ekin hasiko dugun programa berriarekin eroso sentitzeko arrazoiak ikusten ditut».

Ostegunetan bi kateetan ariko da aurkezle Landa. «Lanak gustura egiten direnean eramangarriagoa da. Esfortzua izango da, baina esfortzu gisa bainoago aukera gisa ikusten dut».

Debatea saioko lantaldearen helburuen artean dago ikusle datu onak lortzea. «Produktu serio eta on bat eskaintzea da lehen helburua. Baina beharrezkoa da audientzia onak lortzea, eta asmo horrekin goaz. Ea euskal ikusleeen artean tartetxo bat lortzen dugun eta datu onak eskuratzen ditugun».

Platoan gonbidatu ugari izango dira, eta, horretarako, antolaketa ona beharko du taldeak. «Teknikoki ez da erraza izango, baina 0 programek erakutsiko digute bidea. Iritzi asko eskaintzea erronka bat izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.